KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

ANC eta Omnium: "Bozkatu egingo dugu demokratak eta subiranoak garelako"

'Ara es l'hora' kanpainaren sustatzaileek ziurtatu dute igandean katalanek botoa eman ahal izango dutela, eta egun "baketsu eta demokratikoa" izatea espero dute. "Senti gaitezen iraultza demokratiko baten protagonistak", adierazi dute. Milaka lagun elkartu dira Bartzelonan egindako ekitaldian.

Ehunka lagun bildu dira, Montjuicen, kanpainaren azken ekitaldian. ANDREU DALMAU, EFE
Maite Alustiza.
2014ko azaroaren 7a
09:46
Entzun

ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek, Ara es l'hora kanpainaren sustatzaileek, kanpainaren amaierako ekitaldia egin dute iluntzean, Bartzelonako Maria Cristina etorbidean. Muriel Casals Omnium Culturaleko presidenteak eskerrak emanez hasi du saioa: "Ondo lan egin dugu, eta guztion artean". Herrialde "hobe bat" nahi dutela esan du, "Kataluniaren independentzia". Casalsek orain arte adierazitakoa berretsi du hiru hitzetan: "Batasuna, hautetsontziak eta independentzia".

Gogoratu du herri gisa eskatzen zuten galdeketa ezingo dutela egin, Espainiako Gobernuaren debekuengatik. Hala ere, ziurtatu du azaroaren 9an hautetsontziak botoz beteko direla, eta "subiranotasun ekintza bat" egingo dutela. Egun "baketsu eta demokratikoa" izatea espero du. "Bozkatu egingo dugu demokratak eta subiranoak garelako".

Carme Forcadell ANCko presidenteak ere ziurtatu du igandean bozkatu egingo dutela. "Baietz edo ezetz, baina bozkatu egingo dugu". Forcadellek esan duenez, eurek baietz bozkatuko dute, ez dutelako nahi "pertsonen ordez bankuak erreskatatzen dituen gobernu bat". Kataluniako "errepublika bat" nahi dutela gaineratu du. "Ez dugu independentistak izan nahi, baizik eta independenteak".

Alderdien eta nazioartearen babesa

Galdeketa babestu duten alderdietako ordezkariak ere taulan izan dira: CDC, UDC, ERC, CUP, ICV eta EUiAko kideak. Nazioartetik ere heldu zaie babesa. Ekitaldiaren hasieran, Natalie McGarry eskoziarrak hartu du hitza. Adierazi du demokrazia babesteko parte hartu duela ekitaldian, eta Espainiako Gobernuari ohartarazi dio nazioartea begira daukala. "Eskozian, borroka eginez erreferenduma lortu genuen", gaineratu du.

Carme Sansa aktorea ere igo da oholtzara, eta nazioarteko hainbat lagunek galdeketaren alde sinatutako agiria irakurri du. Idatzi horretan adierazten denez, "barne gatazkak konpontzeko bide onena" demokraziaren tresnak erabiltzea da. Sinatzaileen artean daude Desmond Tutu eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak, Ken Loach zinema zuzendaria, Saskia Sassen eta Richard Sennett soziologoak, Harold Bloom literatura kritikoa, Antonio Lobo Antunes idazlea, Bill Shipsey ekoizlea, Paul Preston historialaria, eta Ambler Moss diplomatikoa.

Jendetza batu da ekitaldiaren tokira:

Goizean, galdeketa boluntarioen esku utzi dutela iragarri du Kataluniako Erabakitzeko Eskubidearen Itun Nazionalak; Kataluniako Gobernuak hautetsontziak bermatuko ditu.

Igandea heldu bitartean, ANCk eta Omniumek martxan dute telefono bidezko maratoia, azaroaren 9an etxean inor geratu ez dadin. 780.000 dei baino gehiago izan dituzte. Bihar arte edukiko dute martxan egitasmoa, eta helburua igandeko prozesu parte hartzailean bi milioi lagunek parte hartzea litzateke. Samara Velte BERRIAko kazetari eta berriemaile berezia Omniumen Bartzelonako egoitzan izan da:

Ara es l'hora kanpainaren sustatzaileek Masek deitutako kontsulta babestu dute, baina babestearekin batera, eskaera bat egin diote: hiru hilabete baino lehen dei ditzala hauteskundeak. Carme Forcadell ANCko presidenteak urriaren 19an egindako ekitaldian onartu zuenez, Masen proposamena ez da "nahi" zutena.

BERRIAren mahai ingurua, Bartzelonatik: "Neurtu behar da noiz egin desobedientzia eta noiz ez"

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.