KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Fiskalak ikerketa abiatu du, lokal publikoen erabileragatik

Artur Masek ziurtatu du gobernua izango dela botoak zenbatu eta emaitzak jakinaraziko dituena. Zortzi europarlamentarik behatuko dute bozketa eguna. Bideoa: Ara es l'hora kanpainaren amaierako ekitaldia.

Jon O. Urain -

2014ko azaroak 10

Hezkuntza zentroetan prest dituzte botoa emateko paperak, eta boluntario orok badaki zer egin behar duen. 09:00etan hasiko da Kataluniako galdeketa. Generalitateak hitzeman zuen hautetsontziak ere bozkalekuetan egongo direla. Prozesu parte hartzailearen erantzukizunari eutsi dion arren, galdeketa "gauzatzea" boluntarioen egitekoa izango dela gehitu zuen. Gobernuak legezko babesa emango die horretarako boluntario denei.

Kataluniako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak, ordea, Espainiako Estatuko fiskalak eskatuta, ikerketa abiatu du, galdeketa egiteko erakunde publikoenak diren lokalak erabiltzea delitu ote den aztertzeko. Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuak "sena berreskuratzera" deitu du Artur Mas, eta gaineratu du: "Nahi bezala dei dakioke, baina ez da erreferenduma, ezta kontsulta, ezta antzeko ezer ere".

Fiskalaren ikerketari erantzun dio Masek. Lokalak uztea "oinarrizko eskubideetan" oinarritzen delakoan, alkateei esan die ez dutela zertan kezkatu. Horrekin batera, baieztatu du Kataluniako Gobernua izango dela botoak zenbatu eta emaitzak jakinaraziko dituena.

Behatzaileak

Bestalde, bozketa eguna behatuko dute zortzi europarlamentarik. Ian Duncan Eskoziako Alderdi Kontserbadoreko europarlamentaria izango da koordinatzailea, eta taldean izango da EAJko Izaskun Bilbao ere.Gainerakoak Mark Demesmaeker, Jill Evans, Valter Mutt, Gerard Onesta, Peter Vilfan eta Bernhard von Grunberg dira. Duncanek nabarmendu du unionista eta kontserbadorea izan aurretik demokrata dela, eta ez duela uste botoa ematea "delitu" denik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna