Ziburuko IKASTOLA

Karrika bete dute ikastolaren alde, Ziburuko auzapezari erantzuteko

Kaskarotenea ikastolari babesa agertzera, jendetza irten zen Ziburun: 6.000 lagun, Seaskaren arabera. Poulou auzapezaren «erasoak» salatu zituzten, eta berretsi zuten herrian ikastola bat edukiko dutela. Bideoa: larunbateko manifestazioa, Ziburun (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

Berria -

2014ko azaroak 9

Ziburuko karrikak jendez beteta erantzun diote Guy Poulou auzapezak Kaskarotenea ikastolaren aurka hartutako neurri sortari. Manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsaldean, azken hilabeteetan auzapezak ikastolaren aurka egin «erasoak» salatzeko. Aldarri argia egin zioten, gainera: «Ziburun ikastola bat izanen da».

Ordua 16:00etarako zuten jarria, baina aurretik ere beteak ziren herriko plaza eta inguruko kaleak. Musika, txalaparta, irria eta eguzkia nagusitu ziren. Sostengu handia izan zen ikastolarentzat. Ordezkaritza zabala: Eneko Aldana Ziburuko hautetsia, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Iker Elizalde eta Nikolas Blain Udalbiltzako kideak, Sylviane Allaux diputatu sozialista, Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, besteak beste. Kultur arloko kideak ere baziren; Peio Ospital abeslariak, adibidez, «pozgarritzat» jo zuen horrelako jende andana batu izana ikastolaren babesteko.

Kaskaroteneako gurasoak joan ziren martxaren hasieran, ikastolaren aldeko kamiseta urdinak soinean zituztela. Lelo nagusi hau zuten oihuetan eta karteletan: Ikastolak ez hunki!. Ikastolako kideen ondoan ziren Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Dozena bat joaldunek ireki zuten bidea.

Ziburuko plazatik Piarres Larzabal kolegiorako bidea egin zuten; bi kilometro luzeko jende ilara osatu zen. Kolegio atarian egin zuten ekitaldia. Eskerrak eman zizkieten manifestariei, eta nabarmendu zuten Ziburun ikastola bat izanen dela babesari esker. Kaskaroteneako gurasoak bereziki gogoan hartu zituen Indok: «Egindako borroka duina izan da, eta gaur ere frogatu duzue ez gaituela deusek geldiaraziko».

Ohartarazi zuen, ordea, Ziburukoa ez dela ikastolek azken aldian jasandako «kolpe» bakarra. Hendaiako kasua gogoratu zuen, adibidez. «Ikastolek lege ezagupenik ez duteno, lurralde honetan euskara ofiziala izango ez deno, ez dugu bakerik izanen».

Neurri gogorrak hartzen ari da Ziburuko auzapeza ikastolaren aurka: auzitegira jo zuen orain dauden lur eremutik kanporatzeko, eta, azkena, argindarra kendu die. «Bidaiatzeko parada» izan dela azaldu zuen Indok, ironiaz: «XVIII. mendera bidaiatu dugu, Argien Mendera. Frantziak, berdintasunaren izenean, euskaldunen eta euskararen kontrako gurutzada hasi zuen garaira».

«Hamahiru haur auzipetu»

Auzitara jo du berriro ere Poulou auzapezak: orain dauden lur eremuan segituz gero, egun bakoitzeko isuna 100 eurotik 400 eurora igo nahi dio ikastolari. Egoera jasanezina dela nabarmendu zuen Laida Mugikak, Kaskaroteneako presidenteak: «Gurasoak eta elkarte bat auzipetzen ditu; hamahiru haur auzipetzen ditu».

Eta gogoan hartu zituen ikastolan ari diren haurrak, «haientzat» ari baitira lanean: «Elaiarentzat, Texarentzat, Maitenarentzat, Maikarentzat, Matheorentzat, Oihanentzat, Laiarentzat, Lukenentzat, Maddirentzat, Yalgorentzat, Uhainarentzat, Ekaitzentzat eta Odeirentzat. Eta etorriko diren ume guzientzat».

Oztopoak «asko» izan diren arren, Mugikak eskerrak eman zizkien irakasleei eta laguntzaileei, ikastola aurrera ateratzeko egiten duten lanagatik, haurrentzat egunak «eramangarri» egiten dituztelako. Eskerrak eman zizkien ikastola babesten ari direnei ere. 6.000 lagun izan ziren atzo bertan, Seaskaren arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna