Euskal Herri osotik eta kanpotik eskaini diote babesa Kaskaroteneari

 

Berria -

2014ko azaroak 9

BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko Hitzak hainbat iritzi bildu zituzten atzo Ziburuko manifestazioan. Hauek dira han jasotakoak:

Maialen Errekart (Azkarate)

"Naturalki hurbildu naiz; ikastolan ibilia naiz, orain ikastolako gurasoa naiz, eta ikastoletan eramaten diren borroka guztien alde izan naiz betidanik. Elkartasunez hurbildu naiz Ziburuko auzapezak eta hautetsiek ikus dezaten ikastola bati erasotzen zaiolarik azkenean ikastola guztiei zaiela erasotzen.

 

Jokamoldea ikaragarria iruditzen zait, 2014an ikastolari aterabiderik ez proposatzea eta uztea haurrak erdi aroko egoera batean, kanporatzeko mehatxuarekin, duela 40 urteko egoera da".

Ortzi Idoate (Hazparne)

"Zahartzen ari gara, eta gazte denborako garaiak oroitarazten dizkit honek. 1990eko hamarkadan abantsu arrazoi berberengatik ateratzen ginen karrikara. Orduan gure gurasoak zeuden gurekin; orain, gu gure haurrekin.

Egoera honi itzuli asko eman dizkiot, eta eman dut bertsolari baten erantzuna: guri argindarra kendu digu, baina berak argia galdu du. Ikusirik auzapezaren erranak orain arte, ez dut uste egoera aldatuko duenik, baina ikusiko gero zer eginen den".

Popol Bosq (Muskildi)

"Egun Ziburura jin naiz euskararen alde. Momentu honetan Kaskaroteneak baditu arrangurak, eta ikastolaren sostenguz jin naiz Ziburura. Ordua litzateke kostaldeko politikari dinosauro batzuk desager daitezen.

Herri honetako auzapezaren erabakia lotsagarria iduri zait; ez ditut baitezpada Ziburuko etxe eta inguru guztiak ontsa ezagutzen, baina segur naiz atzematen ahalko lukeela aterabide bat istoriorik egin gabe. Horregatik gaude hemen".

Floc'h Jisket (Breitania)

"Etorri gara Bretainian ikastolen adibidea hartu dugulako gure eskolen sortzeko. Herri baten ohorea bere hizkuntza da, eta hizkuntza herriaren erdian egon behar da. Lotsagarria da ikastola hiriko bazter batean jartzea, ez dadin ikus.

Espero dugu manifestaldi honekin gauzak aldatzea. Momentua da Europako hizkuntza gutxituak dituzten herriak elkar daitezen, gaurko momentuetan bezala. Orain da momentua, gotorleku inperialak pixka bat ahul daudelako gaur egunean".

Ludi Puertas (Gasteiz)

"Ziburura etorri gara gure sostengua ematera hemengo ikastolari. Oso inportantea iruditzen zait. Gu Gasteizko ikastolan gaude, eta sostengua behar izan dugunean eman izan digute.

Hemengo alkateak gaizki jokatzen du. Ez bera eta ez Frantziako Estatua ez dira ondo portatzen euskararekin. Espero dugu gaurko manifestaldi honekin, eta hainbeste jendek ezadostasuna erakustearekin gauzak nolabait alda daitezkeela bide hobe baterantz".

Juanjo Atxa Mindegia (Elizondo)

"Baztango ikastolan lan egiten dut nik, eta iduritzen zait lagundu egin behar ditugula Ziburuko Kaskarotenea ikastolako irakasleak eta ikasleak, zer-nolako egoera jasaten ari diren ikusirik. Uste dut ikastolari buruzko aferan arras gaizki jokatu duela Guy Poulou herriko auzapezak.

Agudo konpondu beharko da ikastolaren inguruan sortu den arazo hau, eta hori eskatzera heldu gara Ziburura manifestaldi honetara".

Ane Lasa (Donostia)

"Nik uste dut beharrezkoa dela manifestaldia egitea haurrek eskubidea dutelako euskaraz ikasteko. Alkatearen jokamoldea oso jokoz kanpo dagoela uste dut. Hemen Euskal Herrian gaude, nahiz eta Frantziako Estatuan egon, eta konturatu behar da hemen jendeak euskaraz ikasi nahi duela.

Ez dakit lortuko den edo ez, baina alkateak ikusi behar du hainbeste jendek ikastola bat nahi duela Ziburun, eta eskubidea daukatela. Zerbait egin beharko luke".

Amaia Zabala Karraskal (Tolosa)

"Hurbildu naiz ikastolari laguntza ematera, edo behintzat sostengu morala ekartzera, ez zaidalako ondo iruditzen hemengo ikastolarekin egiten ari direna. Gu hona etortzeak zerbaitetarako lagundu badezake...

Ez dakit hona etortzeak askorako balio izango ote duen, baina behintzat espero dugu protesta honek balio izatea erakusteko zenbat jende ez gauden ados. Asko gara ikastolak aurrera jarraitzearen aldekoak, eta hori erakustera hurbildu gara".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna