Erakunde, alderdi eta eragileen balorazioak

2014ko azaroaren 10a
14:44
Entzun

Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak zorionak banatuz hasi du galdeketa ostean eginiko agerraldia. Boluntarioei, udalei, botoa eman dutenei eta eragile sozialei eskerrak eman dizkie, eta nabarmendu du "indartuta" atera dela herrialdea: "Elkarrekin goazenean gehiago eta hobeto egiten dugu aurrera. Instituzioen, elkarteen eta gizartearen arteko sinbiosi perfektua da". Madrili bidali dio mezua: "Kataluniak, beste behin, argi utzi du bere burua gobernatu nahi duela".

Carme Forcadell ANCko presidenteak, Sabadellen bere botoa eman ondoren, esan du gaurko egunera iristea eta parte-hartze prozesua egin ahal izatea bere horretan "garaipen bat" dela, parte hartzeari buruzko datuak alde batera utzita ere. "Gertatzen dena gertatzen delarik ere, honaino iritsi gara eta Espainiako estatuari desafio eginda, irabazi dugu", adierazi du bozkalekuaren kanpoaldean. Kataluniarrei mintzatu zaie esanez gaurkoa egun historikoa dela, eta Fiskaltza kritikatu du Generalitateari bozkalekuetako arduradunen izenak eskatzeagatik. "Horrek ere frogatzen du Espainiako Estatuan ez dagoela botere banaketarik eta auzitegia prozesuaren kontra erabitzen ari direla".


Muriel Casals Omnium Culturaleko presidenteak, bere aldetik, etorkizunean oinarritu ditu bere adierazpenak: “Bozkalekuetara itzuliko gara hemendik gutxira, independentzia eskuratzeko”. Bide beretik, eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren argitu nahi izan ez badu ere, “autodeterminazioaren bideak atzera egiterik ez” duela nabarmendu du Casalsek.

Espainiako Gobernuak "ariketa antidemokratiko eta baliogabetzat" jo du kontsulta, Europa Press agentziak gobernuko iturriak aipatuz zabaldu duenez. Atzo, Mariano Rajoyk nabarmendu zuen galdeketak ez duela "inolako eraginik". Iluntzean, Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak galdeketa egunaren balorazioa egin du. Nabarmendu du "balio demokratikorik" ez duela izan galdeketak, eta "saio baliogabea" izan dela. Espainia erregimen demokratikoa dela eta herri galdeketak araututa daudela azaldu du, eta erantsi gaurkoa ezein marko juridikotik kanpo egin dela. Horrez gain, jakinarazi du fiskalak datuak biltzen jarraitzen duela, eta datozen egunetan erabakiko duela neurririk hartuko duen kontsulta egiteagatik izan daitezkeen delituengatik.

Quim Arrufat CUPeko bozeramaileetako batek hauteskundeak deitzeko eskaera luzatu zion Mas presidenteari: “Herriak dena erabakiko duen errepublika katalan batetaz eta independentziaz hitz egiten duten hauteskundeak deitu behar dira”. Parlamentariak herritarrek bozkalekuan Espainiako estatuari emandako erantzuna nabarmendu zuen: “Boto bakoitza Auzitegi Konstituzionalaren eta Espainiako estatuaren aurkako osoko zuzenketa izan da”. Bide beretik, Madrilek “bere zilegitasun osoa galdu duela” azpimarratu zuen Arrufatek.


Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak “politika Kataluniako herritarrek emandako mezuaren zerbitzura jarri behar” dela adierazi du. Roviraren ustez, gainera, mezu hori “argia” izan zen, “independentzia nahi” dutela esanez, alegia. Zentzu horretan, gaurtik aurrera lanean hasteko beharra nabarmendu du, Kataluniako parlamentuan “independentzia aldarrikatzea baimenduko digun gehiengoa” osatu arte.

Esther Niubo PSCko bozeramaileak aitortu du "mobilizazio arrakastatsua" izan dela galdeketa eta horrek "aldaketa nahia" erakusten duela. Zehaztu du prozesu parte hartzailea "berme demokratiko osorik gabe" egin dela, eta Espainiako eta Kataluniako gobernuei eskatu die negoziatzera esertzeko.

Joan Herrera ICVkoak gaurko galdeketan parte hartzera deitu du PPren Espainiako Gobernuari aurre egiteko. "Alergia dio demokraziari". Gainertu du gaurko egunean parte hartzea masiboa eta zentzuzkoa izatea. Poblenou auzoan bozkatu du Herrerak, Bartzelonan, estatu izateari baietz eta independente izateari ezetz. Esan du Espainiarekin beste harreman bat negoziatu nahiko lukueela, eta erantzunaren arabera ez lukeela aukerarik baztertuko. "Lasterketa luzea da hau".


Iñigo Urkullu lehendakaria Katalunia eta Artur Mas Generalitateko presidentea "arrakastagatik" zoriondu ditu eta atzoko galdeketa oinarri gisa erabili dadin eskatu du, "adostutako behin betiko galdeketa legala egiteko".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearentzat, “erreferentzia” da Kataluniako galdeketa, baina ez “bete betean jarraitu beharreko eredua”. Erkorekak Kataluniako herria zoriondu du, “parte hartze prozesuaren arrakastagatik”. Edonola, Euskal Herrian eta Katalunian errealitate politiko, historiko eta soziologikoak “erabat ezberdinak” direla uste du Erkorekak, eta hala, Euskal Herrian "hitzartu eta bide propioa egin" behar dela esan du.

Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariorde eta kanpo harremanetarako arduradunak babesa adierazi die Bartzelonan Kataluniako herritarreei eta erakundeei. "Katalunian, Euskal Herrian, estaturik gabeko nazio guztietan, botoa emateko eta gure geroa askatasunean erabakitzeko eskubidea dugu", esan du. Gainera, Kataluniako hautetsiek Nazio Batuen Erakundean, Europako Parlamentuan, Europar Batzordean, Europako Kontseiluan eta OSCEn Espainiaren aurka aurkeztuko duten salaketa sinatu du. Iturrek Udalbiltzako alkate eta zinegotzien atxikimendua adierazi dio Josep Maria Vila d'Abadal-i, hots, Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko arduradunari.

Agiria kataluniarrek Kataluniako Parlamentuan, Europako Parlamentuan, Espainiako Gorteetan eta Kataluniako udaletan dituzten ordezkarien gehiengoak sinatu du, eta salatzen dute Espainia Kataluniako herriari eskubide funtsezko bat urratzen ari zaioela: etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea eta, erreferendumaren edo nazioartean baliokide den kontsulta baten bidez, ariketa demokratiko batez baliatzeko eskubidea.

"Aintzat harturik Nazio Batuen sorrera-agirian jasotako printzipio demokratikoak eta nazioartean izenpetu diren itun eta tratatuak, herriek beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dutela bermatzen dutenak", Kataluniako hautetsiek hauxe eskatzen diete nazioarteko erakundeei: beren esku dagoen guztia egin dezatela kataluniarrek beren etorkizun politikoa demokratikoki erabakitzeko aukera izan dezaten.

Idoia Mendia PSEko idazkariak iragarri du galdeketa "biharko frustrazioaren atarikoa baino" ez dela izango, eta azaldu du Katalunia "herrialde zatitu baten argazkia" ematen ari dela. Uste du kataluniarren arazoek "konpondu gabe" jarraitzen dutela "Artur Masek eta konpainiak Espainiako Gobernuarekiko enfrentamendu maila igotzen duten bitartean". Salatu du bihar 600.000 kataluniarrek langabezian jarraituko dutela "agintari abertzaleak independentziara jolasten ari diren bitartean".

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak esan du garrantzitsuena biharko eguna dela: "Espainiako politikaren aro berri bat hasi behar dugu, non Katalunia ez dagoen Espainiatik kanpo, baizik eta aldaketaren abangoardian", adierazi du Toledon. Han zeuden katalanei "us estimen" (maite zaituztegu) esan die, katalanez. "Ez immobilismorik ezta hausturarik ere. Sozialistok ulertzeko irtenbideak proposatzen ditugu", eta ondoren azaldu du Espainiako Konstituzioaren erreforma dela irtenbide hori.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Espainiako Estatuaren "batasuna" babestu du gaur. Cameronek Erresuma Batua Espainiako Estatuaren "lagun handia eta aliatua" dela nabarmendu du. Erreferendumak bide legalak erabailiz egitearen alde mintzatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.