Etorkizuna

Biharamuna, "dena ahaztu" nahi duena zein independentzia aldarrikatu nahi duena

Galdeketaren ostean, erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiek aurrera begirako urratsak eskatu dituzte.

Jon Ordoñez Garmendia -

2014ko azaroak 10

Artur Masek berak esan zuen igandean: "Hau ez da azken geltokia". Azaroaren 9aren biharamunak hainbat adierazpen utzi ditu, eta horien artean galdeketaren aldekoek urrats gehiago eskatu dituzte. Bihar agertuko da Mas hedabideen aurrera galdera bat argitzera: orain, zer?

CDC, hauteskunde plebiszitarioak

Josep Rull CDCko koordinatzaileak gaur esan du bi bide posible daudela: Espainiako Gobernuarekin adostutako erreferendum bat, nahiz eta aitortu duen ia ezinezkoa dela hori, eta bide horrek porrot egiten badu, hauteskunde plebiszitario batzuetara deitzea (ez du eperik aipatu). Gaineratu du behin betiko egitekoa Kataluniarentzat estatu propioa lortzea dela.

ERC, parlamentu eratzailea

Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak gaur esan du atzokoa subiranotasun ekintza bat izan zela, eta behartzen duela Kataluniako Gobernua hauteskundeak aurreratzera eta parlamentu eta gobernu eratzaile batzuk osatzera, "estatu independente bat sortzeko". Hauteskundeetarako eperik ez du zehaztu Rovirak, baina Oriol Junquerasek esandako hitz batzuk bere egin ditu: "Gauza onek ez dute itxaron behar".

CUP, independentzia aldarrikapena

Quim Arrufat CUPeko bozeramaileak hauteskundeetara deitzeko eskatu dio Masi, parlamentuko gehiengoak aldatu eta "Kataluniako Errepublika independentea" aldarrikatzeko. "Independentzia hizpide izango den hauteskundeak behar dira, herriak guztia erabakiko duen Kataluniako Errepublika eratzeko". Generalitateari eskatu dio ez dezala galdeketako emaitza soilik beretzat har eta ez dezala Rajoyrekin negoziatzeko balia. "Ez dago adostasun posiblerik", gaineratu du.

ICV, bete beharreko galdeketaren alde

Joan Herrera ICVko koordinatzailearen hitzetan, irtenbide bakarra bete beharreko galdeketa batera deitzea da, eta hauteskunde plebiszitarioez esan du "bidezidorrak" direla eta horiek hartzeaz ohartarazi du. Masi eskatu dio 2015eko aurrekontuak aurkezteko eta esateko zer gehiengo duen horiek onartzeko. PSOEri, berriz, bete beharreko galdeketa baten alde egiteko eskatu dio. Onena Espainiako Estatuaren plurinazionaltasuna aitortzea litzatekeela ere esan du.

PSC, erreforma federala

Miquel Iceta PSCko buruak Espainiako Konstituzioaren erreforma eskatu du, eta banatu aurretik beste akordio bati aukera eman beharko litzaiokeela gaineratu du. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin batera agertu da gaur Bartzelonan Iceta. "Garbi dago bozketa batean amaituko ez den irtenbiderik ez dagoela. Kontsultak legezkoa izan behar du, adostutakoa, eta hori gobernuei dagokie". Garbi utzi du Konstituzioaren erreforma federala dela eurek lehenesten dutena, eta erreforma hori bozkatu egin beharko litzatekeela.

PPC, guztia ahazteko gogoz

Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPren buruak ez du irtenbiderik Kataluniako egoerarako. Haren ustez, "guztia ahaztu egin beharko litzateke", nahiz eta Masi gogoratu legea betetzen ez denean ondorioak jasan behar direla. "Azaroaren 9a iraganeko kontu bat izango den etapa hasiko dugu. Independentistak gutxi dira Katalunian, ez dira gehiengoa", esan du PPkoak.

Cs, hauteskunde aurrerapena

Albert Rivera Ciutadanseko buruak hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Masi, "kataluniarrek benetako hautetsontzietan bozkatu ahal izan dezaten". PP, PSOE eta PSCri eskatu die ez "kolaboratzeko" gehiago CiUrekin, haren hitzetan, haustura nahi duelako horrek eta "independentzia balkoi batetik aldarrikatu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna