YOLANDA BARCINAREN AGURRA

Barcina: "Garrantzitsuena UPN eta haren printzipioak dira"

Nafarroako presidentegai izateari uko egin dio Barcinak. UPNko buruak arrazoi pertsonalak argudiatu ditu, eta ukatu egin du PSNra hurbiltzeko estrategia dela. UPNren zerrendaburuari "fideltasun osoa" hitzeman dio, Nafarroan ez dezaten "abertzaleek edo Bilduk" irabaz.

Barcina eta Zabaleta

Berria -

2014ko azaroak 11

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak atzo jakinarazi zuen datorren urteko foru hauteskundeetan UPNren zerrendaburu ez izateko asmoa, eta Onda Cero irratian elkarrizketatu dute gaur. Nabarmendu du garrantzitsuena "UPN eta haren printzipioak" direla, eta gaineratu du ez duela "une zailetan hegazkina utziko", baizik eta "hala eskatuz gero kopilotua" izango dela.

Barcinak argitu du politikan jarraituko duela Nafarroarentzat garai "garrantzitsua eta zirraragarria" delakoan, eta gogorarazi du 2017ra arte UPNko presidente dela. Futbolarekin egin du metafora: "Pertsonak jokalariak bezala gara; Real Madrilek une batean Ronaldo eta Bartzelonak Messi izan dezakete, jokalariak alda daitezke, baina garrantzitsuena taldea da; hor egongo naiz ni laguntzeko, baina ez lehen lerro exekutiboan".

Gainera, ziurtatu du UPNk zerrendaburua aukeratzen duenean hari babesa emango diola; areago, "fideltasun osoa" hitzeman dio "UPNren proiektuak aurrera jarrai dezan Nafarroan eta ez dezaten abertzaleek edo Bilduk goberna".

"Espainiatik mugitzen"

Berriz ere, Barcinak ukatu egin du erabakia UPN PSNra hurbiltzeko estrategia dela, baina argitu du sozialistekin akordioa egitearen aldekoa dela. Nafarroan bizitzen jarraituko duen galdetuta, erantzun du bertan bizitzen "eta Espainiatik mugitzen" jarrai dezakeela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna