Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

1.861.753 boto independentziaren alde

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu azaroaren 9ko bozketak Katalunian. Independentziaren alde zein kontra bozkatu, mezu argia eman diote kataluniarrek Espainiari: Katalunian ez du Madrilek agintzen.

Bai eta bai

Samara Velte - Bartzelona -

2014ko azaroak 11

Azken urteotan pilatutako gogo subiranistei ohore egin die hainbeste denboran espero izandako egunak. Denera, 2,3 milioi lagunek hartu dute parte independentziari buruzko bozketa egunean, eta hiru laurdenek baino gehiagok Katalunia estatu independentea izatearen alde bozkatu dute. Artur Mas presidentearentzat, «erabateko arrakasta» eta «garaipen kolektiboa» izan da igandeko bozketa: «Urrats erraldoia egin dugu, noizbait herrialdearen etorkizuna erabakitzeko; askatasun osoz eta berme guztiekin». Gaur, asteroko bilera du Kataluniako Gobernuak, eta Masek agerraldia egingo du haren ostean.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Generalitatea bozketa boluntario eta sinboliko bat egitera derrigortu zuenez gero, arrisku bakarra zeukan igandeko galdeketak: herritarrek hari baliorik ez aitortzea, gutxiegik parte hartzea eta, finean, gobernuak eta herri mugimenduek egindako ahaleginek erantzunik ez jasotzea. Ez da halakorik gertatu: herritarrak errenkadan joan dira bozkalekuetara, pozik eta gogoz, eta egun osoan sortu dira ilarak. Hainbat lekutan, ezarritako orduan baino beranduago itxi behar izan dituzte institutuak, jendea oraindik zain zegoelako.

Galdera bikoitza zenez, hainbat erantzun posible zeuden. «Katalunia estatua izatea nahi al duzu?» zen lehen galdera; eta, baietz bozkatzekotan, «Estatu hori burujabea izatea nahi duzu?». Alde handiarekin irabazi du Bai-bai aukerak: azken datuen arabera, 1.861.753 lagunek bozkatu dute independentziaren alde, orain arte parte hartu duten guztien %80k. Bai-ez %10ek bozkatu dute, eta %4,5ek, Katalunia estatua izatearen aurka.

Kataluniako herritarren ia heren batek hartu du, beraz, independentziari buruzko kontsultan parte; hauteskunde arruntetan, bost eta sei milioi artean egon ohi dira erroldan. Horri gehitu behar zaio gutxieneko adina ez zela 18 urte, 16 baizik; eta kendu behar zaizkio atzerritik bozkatu ezin izan duten herritarrak. Eta, batez ere, kontuan hartu behar da igandeko bozketa ez zutela babestu alderdi guztiek: PP, PSC eta Ciutadansek boikoterako deia egina zuten. Gutxi gorabehera, 2006ko Estatutuaren alde bozkatu zutenak bezainbeste dira; agiri hura, dena den, alderdi sozialistak ere babesten zuen.

Epeak luzatzen

Galdeketa sustatu duten erakunde nagusietako buruek erabateko arrakastatzat jo dute. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek xanpainarekin ospatu zituzten emaitzak igande gauean, Borneko kultur zentro mitikoan: urtez urte, espektatiba guztiak gainditu dituzte Kataluniaren burujabetzaren aldeko ekintza kolektiboek. «Gaur izuaren harresia eraitsi dugu, eta burujabe izan gara», esan zuen, nabarmen hunkituta, Muriel Casals Omniumeko presidenteak. ANCko Carme Forcadellen alboan ageri zen: «Munduari erakutsi diogu Espainiako Estatua ez dela gurea, eta hango auzitegiek ez dutela hemen agintzen. Gaur, askatasunera bidean jarri gara».

Bi erakundeetako buruak gauerdian prentsaren aurrera agertu zirenean, galdera bakarra egin zieten: «Eta hauteskundeak?». Izan ere, Azaroaren 9ak bigarren zatia ere bazekarren, Generalitateak agindutakoaren arabera: parte hartzea eta independentziaren aldeko adierazpena aski handia izanez gero, bozak aurreratuko zituela hitzeman zuen Masek, eta haiek beteko zutela erreferendumaren funtzioa.

«Oraingoz, utz iezaguzue gaurkoa ospatzen», erantzun zuen Casalsek. Gutxienez, beste hamabost egun itxaron beharko dute zenbaketa amaitutzat eman arte; izan ere, nortasun agiriko datuak berritu gabe zeuzkatenek ezin izan zuten igandean botoa eman; azaroaren 25era arteko epea eman die Generalitateak, errolda agiriak aurkeztuz gero.

Ilara luzeak institutuetan

Denera 6.695 bozkaleku ipini zituzten Katalunian, eta beste hemeretzi atzerrian. Gehienetan ilara luzeak sortu dira; atzerriko hiriburuetan, sei ordura artekoak. Bost udaletan soilik geratu dira herritarrak bozkatzeko aukerarik gabe: PPk gobernatu eta Generalitatearen instituturik ez zeukaten herri txikietan. Haietatik bakarrak ditu 1.000 biztanle baino gehiago, eta datozen egunotan beste gune batera bozkatzera joateko asmoa adierazi dute. PSCk galdeketa ez babestu arren, gobernatzen dituen udalek ez zieten trabarik ipini galdeketan parte hartu zuten zentroei.

Egun bizia izan zen igandekoa: Bartzelonan, kaleak beteta zeuden egunsentitik. Institutu inguruetan ilara luzeak sortu zituzten botoa ematera zihoazenek. Batzuk goizeko zortzietatik zeuden han, eskolak zabaldu behar zituzten boluntarioei laguntza eskaintzeko. Magda Llibre 07:30erako gerturatu zen Sants auzoko Emperador Carles institutura: «Badaezpada etortzeko esan ziguten, norbaiti trabaren bat ipintzen bazioten-edo. Baina ez da inolako arazorik izan».

Bederatzietarako, kale amaieraraino heltzen ziren ilarak. Askoren ahotan, arrazoi bera: «Ez da hasieran nahi genuen erreferenduma, baina garrantzitsua da hala ere botoa ematea». «Iritzia emateko modu bat da», zioten Pilar Gimeno eta Xavier Palau senar-emazteek: «Botorik ez eman ahal izatea, hori ez da posible». Llibre pozik joan zen etxera, botoa emanda: «Hemendik aurrera, hartuko dituzte erabakiak hartu behar dituztenek».

Sinbolikoa izanagatik ere, esanguratsua izan da galdeketa, urteetan pilatutako ilusio erraldoiaren adierazgarri. Azaroaren 9ak hainbat irudi hunkigarri erakutsi ditu: bizilagunak kalean dantzan botoa eman ostean, lagunak elkar zoriontzen, adineko jendea kosta ala kosta botoa ematen... «Ez dakizu zenbat denbora daramagun zain», zioen 94 urteko Consuelo Romerok. 1936ko Gerra bizitako belaunaldikoa da: erraietan sentitzen dute katalanak direla adierazteko beharra.

Gazteen artean, arrazoi praktikoagoak dira nagusi. Oriol eta Arnau Mir bikiek duela hilabete eskas bete zituzten 16 urte. Lehenbiziko aldiz eman dute botoa; datorren urtean boz plebiszitarioak egiten badituzte, ordea, ezin izango dute horietan parte hartu. «Aita aspalditik ari zitzaigun esaten parte hartzeko», zioen Oriolek. Arnauk atzetik: «Baina arrazoia dauka. Espainiatik Wert legea iritsiko da, eta zer? Gelako batek gaztelaniaz nahi duelako guztiok egin behar al dugu gaztelaniaz?».

«Ezin dugu Estatu honekin jarraitu», zioen Daniel Sapinyak. Conxi Claveria eta bi seme-alaba txikiekin joan zen bozkatzera, Sants auzoko Barrufet eskolan: «Ez dakit honek zein ondorio izango dituen, baina PPri muturrean igurzteko, behintzat, balioko du».

Fiskaltzaren itzala

Pare bat kale harago, Mossos d'Esquadraren patruilak, egonean. «Gu babesteko daude», zioen Llibrek, ziurtasun osoz ez bada ere: teknikoki, Generalitatearen aginduei egin behar diete men mossoek, eta hark nabarmendu du «ia normaltasun osoz» zabaldu zituztela bozkalekuak: probokazio ekintza txiki batzuk gorabehera, arazorik gabe amaitu zela eguna. Kataluniako Fiskaltzatik heldutako berriek eragin zuten kezka apurrenetakoa: Espainiako Justiziak eskatuta, bozkalekuei eta haietako arduradunei buruzko datuak eskatu zizkien mossoei. Generalitateak argitu zuen bere gain hartzen duela ardura oro.

Egunaren amaieran, Katalunian inor ez zen Fiskaltzaz gogoratzen. Madrildik heldutako adierazpen apurrek ere apenas izan zuten eraginik ospakizun betean zeudenengan: Espainiako Justizia ministro Rafael Catala agertu zen kameren aurrera, galdeketa «simulakro antzu eta baliogabea» zela esateko. Ordurako, ordea, mugimendu independentistetako buruei adi-adi zeuden Borneko kultur zentrokoak. «Gaur bi milioi lagunek bozkatu dugu», esan zien Casalsek: «Orain, bozkalekuetara itzuliko gara. Kataluniak autodeterminazioa behar du».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Guardia Zibila Espainia eta Marokoren arteko muga zaintzen, martxoan hainbat migratzailek hesia igarotzeko ahalegina egin ostean, Melillan. ©MIGUEL OSES / EFE

Espainiaren eskua heriotzetan

Mikel O. Iribar

Bi ikerketaren arabera, Espainiako Gobernuak ere erantzukizuna izan zuen Melillako hesian gertaturikoan. GKEek eta oposizioak atakan jarri dute Grande-Marlaska; asteazkenean azalpenak emango ditu berriz ere.
SDFen jarraitzaileak, joan den igandean, martxa batean, Qamishlin (Rojava). ©EFE

Turkiarekiko jarrera «gogortzeko» eskatu diete SDFek aliatuei

A. Perez Zala

Kurduak gehiengo diren koalizio militarraren komandanteak esan du Estatu Islamikoa erasoak prestatzen ari dela Ankarak lurreko operazio militarra agintzen duenerako
Pakistango Lahore hirian atzo egin zuten manifestazio bateko irudi bat. ©RAHAT DAR / EFE

NBEk dirua eskatu du emakumeen eskubideen aldeko taldeentzat

Ander Perez Zala

Guterresek esan du gobernuek %50 handitu behar dutela mugimenduentzako funtsa 2026rako. Emakumeen eta nesken kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa «nagusitzat» jo du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...