A9-aren ondorena

"Behin betiko galdeketa" egiteko, negoziatzera deitu du Masek Rajoy

Datozen egunetan erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdiekin bilerak egingo ditu, guztien proposamenak entzuteko. PSC ere sartu du bilera sortan. Hauteskundeak "tresna" direla gogorarazi du, baina prest agertu da horren bidez "behin betiko kontsulta" egiteko.

Pujolek ere bozkatu du

Jon O. Urain -

2014ko azaroak 11

Azaroaren 9an  2,3 milioi lagunek Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko prozesu parte hartzailean botoa eman eta horietatik %80k independentziaren alde egin ostean, aurrerantzean egingo dituen urratsen berri eman du Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak.

Lehenik, plebiszitu erako hauteskundeei buruz hitz egin du. Nabarmendu du bozak "tresna bat baino" ez direla "behin betiko kontsulta" egiteko, eta eskatu du ez nahasteko tresna eta helburua. "Soluzio irudimentsuak eta, dagokionean, arriskuak hartzeko gaitasuna" eskatu ditu Masek.

Masek jakinarazi du datozen egunotan bilera bana egingo duela erabakitzeko eskubidearen alde eta Kontsulten Legearen alde egin duten indar politikoekin; beraz, CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUPekin. Bilera horietan, azaroaren 9ko kontsultaren ostean alderdiek "behin betiko kontsulta egiteko" dituzten proposamenak entzungo ditu Masek, eta ondoren ezagutaraziko du Kataluniako Gobernuak zer egingo duen.

Horrez gain, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari zuzendu zaio Mas. Gutun bat bidali dio, eta bertan esandakoak xehatu ditu. Elkarrizketarako baldintzak ezar ditzala proposatu dio, "behin betiko kontsulta" adosteko. Galdeketa hori  "ahal bada britainiar ala kanadiar erara" egin nahi du Masek; negoziatuta, alegia. Edonola ere, argitu du ez duela alderdien bilera sorta Rajoyren erantzunari itxaroteagatik etengo.

Hala ere, aitortu du "itxaropen urria" duela Rajoyren erantzunean, "politika handia" egin ordez fiskaltza "aktibatu" duelako. Rajoyk negoziatzeari uko egiten badio, Masek ohartarazi dio "tresna" [hauteskundeak] galdeketa gisa erabiliko dutela: "Auzitegi gutxiago, politika gehiago", galdegin dio.

Eraso zibernetikoak

Oztopoak izan direla nabarmendu du Masek, eta horien artean salatu du "eraso zibernetiko oso gogorrak" jasan dituela Kataluniako Gobernuko webguneak. Horrek arriskuan jarri ditu, besteak beste, herritarren historial klinikoak eta sendagaien errezeta elektronikoa: "Hori ezin dute hacker amateur batzuek egin. Beste zerbait dago".

Galdera bikoitza zenez, hainbat erantzun posible zeuden. "Katalunia estatua izatea nahi al duzu?» zen lehen galdera; eta, baietz bozkatzekotan, "Estatu hori burujabea izatea nahi duzu?". Alde handiarekin irabazi du Bai-bai aukerak: azken datuen arabera, 1.861.753 lagunek bozkatu dute independentziaren alde, orain arte parte hartu duten guztien %80k. Bai-ez %10ek bozkatu dute, eta %4,5ek, Katalunia estatua izatearen aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna