Ekialde Hurbila

Abbas palestinarren presidenteak atzeratu egin ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak

Egunotan zurrumurrua izan dena egia bihurtuz, Mahmoud Abbas palestinarren presidenteak atzeratu egin ditu datorren uztailaren 17an egitekoak ziren Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gainera, ez du beste datarik zehaztu bozak egiteko. Atzerapena erabakitzeko Abbasek argudiatu du hauteskunde legea egokitzeko astia behar dutela; analista politiko askoren iduriko, ordea, Hamasi indarra kendu nahi diote. Hain justu, "su-etenaren eta hitzarmen nazionalen urraketa" iruditu zaio Hamasi Abbasen erabakia.

Berria -

2005eko ekainak 4
1996tik ez dute Legebiltzarra osatzeko hauteskunderik egin Palestinan, eta, oraingoz, egin gabe jarraituko dute. Izan ere, uztailaren 17an egin behar zituzten, baina Mahmoud Abbas presidenteak data zehatzik paratu gabe atzeratzea erabaki du. Bozak egiteko hauteskunde legea egokitu beharra dagoela eta horretarako denbora gehiago behar dutela argudiatu du Abbasek erabakia hartzeko. Analisten iduriko, ordea, Hamas mugimenduak hauteskunde horietan izan dezakeen arrakasta galarazi nahi du Al Fatak erabaki horren bidez. Izan ere, palestinarren artean gero eta txertatuago daude Hamasen aldeko jarrerak. Udal hauteskundeetan oso emaitza onak lortu zituen, eta, gainera, su-etenari eustearen truke, Legebiltzarrerako hauteskundeen bidez botereguneetan parte hartzeko aukera eskatzen du Hamasek. Hain justu, Abbasen erabakiaren berri izan ondoren, haserre agertu da Hamasen buruzagitza. Hauteskundeak atzeratzeak su-etena eta palestinarren arteko akordio nazionalak urratzen dituela iritzi dio Hamasek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna