KATALUNIA INDEPENDENTZIARAKO BIDEAN

Ez da apur bat ere mugituko

Rajoyk ezezko borobila eman dio galdeketa adosteko Masen proposamenari, eta, horrenbestez, boz plebiszitarioen atea zabaldu du. ERCk A-9aren ondorengo bide orria aurkeztu du.

Mariano Rajoy, Kataluniako galdeketari buruzko agerraldian.
Mariano Rajoy, Kataluniako galdeketari buruzko agerraldian. Paco Campos / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 12

Independentzia erreferendum bat era adostuan egiteko, elkarrizketara deitu zuen atzo Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Rajoyk biharamunean eman dio erantzuna: "Gobernu honen jarrera betikoa da". Jokabide hori zein den gogorarazi dio: "Masek 'behin betiko' galdeketa inposatu nahi didanez, aurreratzen diot hori ez dela posible".

Erreferendumik ez dela egin nabarmenduz hasi du Rajoyk agerraldia: "Ez da bozketa demokratikoa izan, ez ditu horretarako baldintzak betetzen". Parte-hartzeari ere erreparatu dio: "Parte hartze masiboa espero zuten, baina beren kontuen arabera, katalan gehienek uko egin diote parte hartzeari". Azpimarratu du Katalunian "askoz katalan gehiago" daudela independentistak baino, eta ohartarazi du Masek ezin duela bere helburua gauzatu "gizartea zatitu gabe".

Rajoyk azaldu du ez diola "inoiz" uko egin elkarrizketari, baina Espainiako konstituzioa jarri du mugatzat; erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, berriz, egin beharreko bidea azaldu dio Masi: konstituzioa aldatzea. Nolanahi ere, bere jarrera zein izango litzatekeen argitu du: "Subiranotasun nazionala desegingo lukeen erreforma konstituzional baten kontra egongo naiz beti. Nire alderdia ere".

Masek "beldurrik ez"

Twitterren berehala idatzi du Carme Forcadell ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteak Rajoyren agerraldiari buruzko balorazioa. Ironiaz, eskerrak eman dizkio bere jarreragatik, eta negoziazioari uko egitea "independentziarako urrats erraldoia" dela uste du.

Goizean, Kataluniako Parlamentuko saioan hitz egin du Masek. Fiskaltza bere kontra aurkeztekoa den kereilaren aurrean, Masek adierazi du ez duela beldurrik. Haren ustez, Madrilek pentsatu du "ea zenbateko beldurra" eman diezaieken kataluniarrei; "gero eta gutxiago", erantsi du. Halaber, "hautetsontziak jartzeagatik" fiskalak ekinbideak abiatzea Espainiaren irudiarentzat " dramatikoa" izango litzatekeela ohartarazi du. Espero da fiskalak datozen orduetan aurkeztea Masen, Irene Rigau Hezkuntza kontseilariaren eta Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordearen aurkako salaketak.

Bestalde, plebiszitu erako hauteskundeen ondorengo jokalekuan kokatu da ERCko buruzagi Oriol Junqueras. "Ahalik eta batasun handieneko" gobernua osatzea proposatu du, eta boz horietara aurkezteko moduaz ez du aukerarik baztertu: "Zerrenda partekatuak egon daitezke, zerrenda bananduak, independenteekin, marka komun bat edo siglei uko eginda. Ziur formula egokia topatuko dugula".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna