KATALUNIA INDEPENDENTZIARAKO BIDEAN

Aurrera jotzeko "sintonia" bila

ERC, ICV-EUiA, CUP, CDC, UDC eta PSCko buruekin bildu da Mas. Azaroaren 24an aurkeztuko du "prozesu politikoa amaitzeko" bide orria. Prozesu konstituziogilearen alde urrats bat parlamentuan.

Oriol Junqueras eta Artur Mas gaur goizean, Parlamentuan. /
Oriol Junqueras eta Artur Mas gaur goizean, Parlamentuan. / Toni Albir/Efe

Xabin Makazaga -

2014ko azaroak 13

Gaur 11:20an hartu du Masek Junqueras bere bulegoan, eta, irteeran, ERCkoak bien arteko "sintonia ona" nabarmendu du. Bi alderdiak ados dira hauteskundeak aurreratzea dela irtenbide onena, baina Junquerasek berriro esan dio ez duela zerrenda bakarra besterik gabe babestuko, eta baldintzatu egin du. Baldintza horiek hauek dira: independentziaren helburua eta hori lortzeko bideak zehaztea eta jarraitu beharreko prozesua egutegi batean argitzea. ERCk estatu independente izateko proposatutako bide orria helarazi dio Masi.

Junquerasek berretsi du ez dituela babestuko Generalitatearen 2015eko aurrekontuak. Haren hitzetan, Kataluniako Gobernuak "inposatzen" dituen murrizketak oztopo dira horretarako.

Bilera sorta alderdiekin

Asteartean jakinarazi zituen Artur Masek igandeko galdeketaren ostean egitekoak dituen urratsak. Horietako bat da Kontsulten Kataluniako Legea babestu zuten alderdi guztiekin bilerak egitea, aurrerantzean egin beharrekoaren inguruan zer iritzi duten jakiteko.

CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUPekin batzartuko da Mas, eta gaur du lehena, Oriol Junqueras ERCko buruarekin. Ordena horretatik CiU alde batera utzita, Kataluniako Parlamentuan ordezkari gehien duen taldetik gutxien duenera egingo ditu bilerak. Hortaz, Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiarekin egingo du hurrengo bilera Masek. 

Asteartean azaldu zuenez, alderdien proposamenak entzun nahi ditu Masek, eta ondoren erabakiko du zein bide proposatuko duen prozesu subiranistan aurrera egiteko. Hain justu, La Vanguardia egunkariak gaur argitaratu du Masek azaroaren 24an emango duela bere bide orriaren berri.

Plebiszitu bozak hizpide

Agerraldi hartan, Masek ohartarazi zuen ez dela komeni nahastea "tresna" —hauteskundeak— eta "helburua" —"behin betiko" galdeketa egitea, haren hitzetan—. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu zion galdeketa adostu bat negoziatzeko, baina ohartarazi zion ezezkoa jasoz gero prest legokeela hauteskundeak independentziari buruzko plebiszitu gisa erabiltzeko. Rajoyk, atzo eginiko agerraldian, ateak itxi zizkion negoziatzeari, Espainiaren "subiranotasuna" ez duela negoziatuko erantzunez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna