Alan Turing 1912ko ekainaren 23an jaio zen. 100 urte jaio zela beteko dira, beraz,, larunbat honetan. Alan Turing matematikari, filosofo, kriptografo gisa eta beste hainbat jarduerarengatik ezagutzen dugu askok. Haren ekarpenik garrantzitsuenak ez dira informatikaren hastapenarekin harreman zuzena dutenak bakarrik. Gauza asko algoritmo bidez definitzen direla eta konputagarriak direla; horiek dira, nire ustez, bere ekarpenik baliotsuenak.
Algoritmoa hitza informatika edo teknologiarekin lotzen badugu ere, algoritmo ekintza segida zehatz batez osatutako prozesu gisa defini dezakegu. Pastel bat egiteko errezeta bat, adibidez, horixe izan daiteke. Kontzeptu filosofiko garrantzitsuak, beraz, teknologiatik haratago.
Bere ezagutzaren erabilpen soziala ere argi zuen Turingek. Horregatik, Bigarren Mundu Gerran kriptoanalasiaren bidez nazien mezuak deszifratzen lagundu zuen. Naziek erabiltzen zuten Enigma izeneko zifratzeko makinaren mezuak argitzen lagundu zuen.
Gauza konputagarri asko zeudela jakinda ere, argi zuen gizakiaren inteligentzia lortzetik urruti zeudela makina. Hortik, haren izena hartzen duen Turing test ezaguna. Pertsona baten eta makina baten arteko elkarrizketan, horrek hala dela jakin gabe, makina pertsona batetik bereizezina bada testa gaindituko luke.
Inteligentzia maila handia erakutsi beharko luke makinak test-a gainditzeko, edo, behintzat, imitazio gaitasun oso handia. Oraindik, ez dirudi test hori gaindituko duen makinarik sortu dugunik. Zailtasun horretan oinarritzen dira, adibidez, webgune askotan ikus ditzakegun letraz eta zenbakiz osatutako spam-aren aurkako captcha ezagunak.
Oso argi zuen, beraz, Turingek bere izaera soziala; pertsonengan sinisten zuen, eta haien gizatasuna ere argi zuen. Horixe izan zen hura homosexual izateaz salatu zutenei falta izan zitzaiena. Epaitu, eta kartzela edo hormona tratamendu baten artean aukeratzera behartu zuten. Tratamendua aukeratu zuen, eta, bi urtera, hark sortutako arazoek bultzatuta, bere buruaz beste egin zuen.
Garaiotan Turing haren ekarpenengatik dugu gogoan, baina horiek ere haren ekarpenak izan ziren. Gure gizartean badira Turing testa pasatuko ez luketen pertsonak. Automata gisa lan eta bizitzera kondenatu nahi gaituztenen aurrean Turingen gizatasuna erakutsi beharko dugu.
Komunikazioa. Irlen sarea
+100 Alang Turing
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu