Jose Ramon Bilbao
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

51. argazkia

2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dugun aste honetan, Genetikaren historian inoizko eztabaidarik sutsuena eragin duen emakume zientzialaria datorkit gogora. Aurreko mendearen erdialdean, Rosalind Franklin DNAren egitura molekularra argitzeko lehiaren erdi-erdian zegoen, hainbat ikertzaile bikainekin batera: Linus Pauling, Erwin Chagaff, James Watson, Francis Crick eta Maurice Wilkins, besteak beste. Azken hirurek Fisiologiako Nobel saria irabazi zuten 1962an, DNAren helize bikoitzeko eredua deskribatzeagatik, Franklinen lanaren emaitzak haren baimenik gabe erabilita, hain zuzen.

Rosalind Franklin 1920an jaio zen, Londresen, familia judu aberats batean. Zientziarako dohainak gaztetatik erakutsi arren, emakumezkoek goi mailako ikasketak egitearen kontrako iritzi irmoa zuen aitak. Garai hartako Londresen, unibertsitatea eta zientzia gizonezkoen munduak ziren. Azkenean, aitak amore eman zuen, eta 1938an Cambridgeko Newnham Collegen eman zuen izena; hiru urte beranduago Kimikan graduatu zen. Ikatzaren porositateari buruzko lanei esker, Kimika Fisikoan lortu zuen doktoretza Cambridgen, 1945ean. Gerra amaituta, Franklin Parisera joan zen, Jacques Mering kristalografoaren laborategian X izpien difrakzio teknikak ikasi eta ikatzaren atomoen antolaketaren ikerketan aplikatzeko.

1951ko urtarrilean, Franklin Londresko King's Collegeko Biofisika Unitatean hasi zen lanean, John Randallen laborategian. Randallek Raymond Gosling ikaslearen doktorego-tesiaren lanak gainbegiratu eta DNAren egitura argitzeko ikerketa lerroa zuzentzeko agindu zion Rosalindi, bera baitzen X izpien difrakzioan aditu bakarra taldean. Erabaki horrek, ordea, liskarra sortu zion Maurice Wilkins lankidearekin, bera eta Gosling DNAren X izpien difrakzio analisiak egiten hasita baitzeuden aurreko urtetik eta Franklin beraiek laguntzera zetorrela esan baitzion Randallek. Komunikazio arazoek, batetik, eta Franklin eta Wilkinsen izaera kontrajarriek, bestetik, giroa gaiztotu zuten bi ikertzaileen artean, bai eta geroago gertatuko zena baldintzatu ere, seguruenik.

Garai hartan, Cambridgeko Unibertsitateko Watson eta Crick DNAren eredua argitzeko pieza guztiak elkartu ezinik zebiltzan. Orduan, 1953ko hasieran, bi gertakarik historia honen bilakaera erabat irauli zuten. Alde batetik, Franklinek jakin gabe, berak eta Groslingek X izpiekin egindako 51. argazki ospetsua erakutsi zion Wilkinsek Watsoni; bertan, DNAren izaera helikoidala frogatzen zen. Bestetik, Max Perutzek, King's Collegeko jarduera zientifikoa ebaluatzeko izendatutako zientzialariak eta Cricken doktorego-aholkulariak, Franklinek idatzitako txosten konfidentziala helarazi zion azken honi. Kalkulu kristalografiko horiei esker, DNAren eredua bukatzeko falta zen informazio garrantzitsua ondorioztatu zuen Cricket, fosfatoak eta azukre molekulak helizearen kanpoaldean kokatzen zirela alegia. Horrekin guztiarekin, geroztik Watson-Crick izena duen eredu molekularra Nature aldizkarian argitaratu zen, 1953ko apirilaren 25eko alean. Franklinen emaitzak ere argitaratu ziren ale berean, baina Watson eta Cricket proposatutako ereduaren osagarri modura, aurrez lortutako datuak izan arren. Geroago aurkitutako zirriborroek frogatu dutenez, ordurako Franklinek bazekien DNA helize bikoitza zela eta nukleotidoak egituraren barrualdean gordeta zeudela, baina baseen parekatzea ulertzea falta zitzaion. Azken hau Watsoni bururatu zitzaion, Jerry Donohue kimikariak emandako informazioarekin.

Rosalind 1958an hil zen, obarioetako minbiziarekin, akaso erradiazioarekin lan egiteagatik sortuta. Lau urte beranduago, Nobel saria jasotakoan egindako hitzaldietan, ez Watsonek eta ez Cricketek ez zuten aipatu Franklin, haren ekarpena erabakigarria izan zela jakin arren. Bizi izan balitz Nobel saria jasoko ote zuen ez dago jakiterik —saria ezin baita hil ondoren eman—, eta, gainera, hiru pertsona baino gehiagoren artean ezin parteka daiteke. Askok uste dugu merezia zuela, ez emakume izateagatik, ikertzaile bikaina zelako baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.