santi leone
Maratila

'Ad hominem'

2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Diario de Navarran, soziologoak erran du «mugikortasun geografikoan dagoen zurruntasuna ez datorrela bat lan-merkatuaren egoera berriarekin». Aintzat hartzekoa da haren iritzia: soziologoa (berak aitortu duenez) 1991n ailegatu zen NUPera, eta uste izatekoa 20 urtean ipurdia kadiratik mugitu gabe astia izan duela mugikortasunaren abantailen inguruko bibliografia teorikoa ongi barneratzeko.

Zer? Bai. Egia. Barkatu. Argudio hori ad hominem da. Ez du balio. Hasiko naiz berritik.

Diario de Navarran, soziologoak erran du «mugikortasun geografikoan dagoen zurruntasuna ez datorrela bat lan-merkatuaren egoera berriarekin». Esaldi ederra, neutroa, zientifikoa, informazioa ematen duena, datu bat objektibatzen duena. Neoliberalismoak ezarritako lan egoera berria datu soziologiko bihurtzen duena. Zientzia. Ekonomiaren espekulatzaileek dute boterea gaur egun, eta Unibertsitateko espekulatzaileak botere horri aurpegia zuritzen dion jakintza ari dira sortzen. Soziologoak, Diario de Navarran, berdin-berdin erraten ahalko zukeen «mugikortasun geografikoaren kontzeptuaren mozorropean, neoliberalismoa lanean zabaltzen ari den segurtasun faltaren bertze adibide bat ikusten ahal dugu». Jakintza kritikoa sortuko zukeen orduan. Baina hori zaila da. Problemak ekar litzake.

Eta, gaur egun dugun egoeran, inork ez luke bere postu finkoa galdu nahi mugikortasun geografikoaren alde praktikoa ezagutzeko. Eta, bertze inork baino gutiago, horren abantaila teorikoak hain ongi ezagutzen dituen soziologo batek.

Hara! Berriz ere ad hominem ari naiz. Barka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.