Bost aste jarraian daramatza Bisitaria-k euskal pertsona ezagunen etxean sartzen. Nik uste badela garaia geuk ere Bisitaria-ren etxean egiteko sartu-irtena. Xabier Euzkitzek aurkezten duen programaren xedea hauxe da: elkarrizketatzaileak elkarrizketatuarekin egun pare bat partekatzea, elkarrizketatuaren eguneroko martxa apurtu gabe. Hau da, pertsona horren lantokira, etxera, sukaldera ahal bada sartu eta bitartean egitea elkarrizketa, gai publiko eta profesionalak aipatuz bai, baina sartuz era berean eremu intimoagoetara. Formatua orain gutxi eman dute TV3 katalanean. Eta zalantza bat baino gehiago sortzen zidan; horiegia aukeran, ikuslearen alde voyeurra asetzera zetorren ezinbestean. Eta bertute bat zuen besteren gainetik: elkarrizketatua beti geratzen zen gaizki.
Beraz, jakin-minez hasi nintzen ikusten Bisitaria, ea nola taxutu zuten, ea zenbat lotzen zitzaion ezagutzen nuenari. Eta hasieran sustoa hartu nuen: lehen hiru saioetan, gonbidatuak etxeko bi, Manu Maritxalar eta Ainhoa Goikoetxea —azken horiAi Ama! saioan ere izan da, ostegun gauean; baina zutabe bat merezi du berarentzat bakarrik Goikoetxeak—. Bosgarren saiorako zuzendu da pixka bat kontua, eta, sustoa gaindituta, eta originalaren zalantzak erabat uxatu ez badira ere, gauza positiboak ikusi dizkiot Bisitaria-ri.
Esate baterako, Euzkitze sasoi betean aurkitu dugula, striptease saioa eskainiz batean —non eta Arantzazuko santutegian berean—, izter zuztarrak erakutsiz bestean —Goikoetxearekin pilates egin eta broma pikanteak esan bitartean—, edota txispak ateratzen Koalizio Kanariarreko diputatuarekin. Tentsioa bestelakoa izan zen Amaiurreko Maite Aristegi eta EAJko Arantza Tapiarekin, Euzkitzek Uxue Barkos aukeratu zuelako eta ez haiek. Momentu politiko behinena, ordea, Goikoetxeak bere jeltzaletasuna aitortu duenekoa izan da—halakoren beharrik bailegoen—, Anariren musikarekin ondua. Ezen soinu banda baitu oro har saioak oso zaindua, akaso Maritxalar karaoke kantatzen ikustea nolabait orekatzeko. Eta, serioago, txapela kentzekoa iruditu zait Amaia Zubiriaren figuraren berreskurapena eta, zailago dena, Txomin Artolaren agerpen telebisiboa. Are Zubiriak Loa loa kantatzea, a cappella; horregatik bakarrik salbatuko nuke saioa. Inork voyeurtzat hartzeko beldurrik gabe, gainera.
Komunikazioa. Ekografiak
Alde voyeurra asetzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu