Ane Muñoz.
Maratila

Alkondara gorria

2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Nerabeak ginela, gurasoek emakume xelebre batengana bidaltzen gintuzten frantsesa ikastera. Jacqueline, hezurretaraino frantxutea zen, berak hala zioen behintzat. Berez, ez dakit harekin hizkuntza hobetu nuenik, ziurrenik bai, baina sekula ahaztuko ez dudan zerbait ederki ikasi nuen, betirako ikasi ere. Beti esaten zigun arropak plantxatzea ez zela beharrezkoa, eta berak ez zuela sekula plantxatzen. Jacqueline, ze emakume praktikoa! Ados nengoen, plantxatzea denbora galtze hutsa zen niretzat ere. Imajinatu, kuleroak, izarak, sudur zapiak eta ustez galtzetinak ere plantxatzen zireneko etxe batekoa izanik, harena miresgarria zen, eta hori senarra trajez joaten omen zela lanera. Oso argi esan nion amari, handitzean, nire etxean ez zela plantxarik egongo. Esan eta egin. Ez dut sekula plantxatzen ikasi, eta ez nuke plantxarik etxean izango iaz bisitatu ninduen lagun hark berea bertan utzi izan ez balu. Ordutik hortxe egon da, armairuan goxo-goxo, kieto.

Aurreko astean alkondara gorri polit bat erosi nuen, dendako erakargarriena, eta zuzenean armairuan zintzilikatzera joan nintzenean, orduan komeriak. Beste hiru alkondara koloretsu eta soineko bat neuzkan zintzilik, zimur-zimurrak, inoiz jantzi gabeak. Jacqueline etorri zitzaidan gogora, eta haren armairua imajinatu nuen, jantzi erabiligabez gainezka.

Baina nik orain alkondara gorri hori luzitu nahi dut, eta pentsatzen ari naiz, agian, ba, gogoz kontra bada ere, zera, salbuespena egin eta plantxa tzar horrekin tratua egitea, estreinatzeko irrikan nago eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.