Ane Muñoz.
Maratila

Aminaren atsedena

2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Jaungoikorik bada, nola onar dezake gure Amina eta beste hamaika Aminari halako bizitza bizitzera behartuak bizi behar izatea? Jesus, Maria eta Jose, zertarako egin zintuzteten, nerabe horri gertatu zaiona gertatzen uzteko?

Aminaren bizitza ez da erraza izan, ez munduan gehien gorrotatuko zuen tipoarekin ezkontzera behartu zutenetik behintzat. Bere bortxatzailearekin ezkonarazi zuten, gaixoa. Nola erasotzailearekin ezkondu? Marokon ba omen da arau bat adingabeko baten bortxatzaile edo erasotzaileak epaiketa eta atxiloketa ekidin nahi izanez gero biktimarekin ezkontzeko aukera ematen diona. Zerri nazkagarri horiek euren errua publikoki onartzeko modua omen da. Ja!

Aminaren gurasoek onartuta, senar gorrotagarriaren gurasoekin bizitzera behartu zuten. Baina nola utz dezakete gizarte itxi bateko nekazari ignorante haiek alabatxoa bere zigortzaile basatiaren eskuetan? Gaixoak ezin deus erabaki; bururik gabeko panpina bat bezala erabili zuten, hara eta hona, lege zaharren izenean.

Hau tortura, hamasei urterekin eta gau eta egun bortxaketa bere probokazioaren erruz izan zela entzuten, zigortzailearen ohe berean sartu behar… etsaiarekin lo egin…

Aminak ezin zuen gehiago. Arratoi zikinak erditik kentzeko erabiltzen den pozoina hartu, eta, to, berak ere, molestatzen duen arratoiaren antzera, behin betiko desagertzeko erabakia hartu du. Eta joan egin da, betiko joana. Ze tristura, ene. Ez al litzateke ordea bidezkoagoa neskaren min eta atsekabearen eragileak, hain gizaki miserablea izanik, bere burua bera erditik kendu nahi izatea? Hura bai, soberan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.