Aurten ere iritsi da gure antxoa, betidanik itxaron izan dugun arraintxo bizi, fresko, merke, goxo, garbitzeko eta jateko erraza: martxo aldera, aurreko milotarrak agertzen zirenean, etxekoandre gehiago gerturatzen zen arrandegira eta, bestetik, gainerako arrainek burua (prezioa) makurtzen zuten, itsas printzesa heldu berriaren omenetan. Aurreko bolada gorabehera, herritarrak arrain freskoa jateko (eta, nahi izanez gero, kiloren bat kontserban gordetzeko) aukera izango zuen udazkenera arte. Negutearen amaieraren iragarlea zen antxoa, garaiko ongizatearen ekarlea.
Euskaldunok, ordea, ez gara konformatzekoak. Itsasora ezertxo ere eraman ez baina handik dena ekarri nahi izan dugu: udaberriko goiz askotan dozenaka arrantzontzi biltzen ziren Donostiara, antxoaz karga-karga eginik. Batzuk jateko saldu, beste batzuk eskabetxerara eta, hortik atzerakoak, soroak ongarritzeko, pentsua egiteko edo Kontxan bertan putzura itzultzeko.
Lo kuluxka egin eta, arratsaldean, dena prestatu eta itsasora, antxoatara.
Itsasotik ezabatu arte, kasik. Bost urteko barkamen-aldia hartu du arrain horrek baina honezkero… berantegi, seguruenik.
Tira, hemen dagoenez, ikus dezagun zer egin dezakegun antxoa batzuekin:
• Garbitu eta, oso-osorik, frijituta, olio tanta batez.
•Irineztatu (edo tenpuran bildu) eta frijitu, tamainaren arabera: banan-banan, bi edo hirunaka.
•Garbitu, hezurgabetu, zabaldu, irin-arrautzaztatu eta frijitu.
•Ur irakinetan une batez galdarraztatu, azpilean zabaldu eta baratxuri-olio irakina gainetik zabaldu.
•Tipula oliotan erregosi, hor antxoak lasagna erara antolatu, sagardo edo txakolinez busti eta estali.
•Egositakoan, ozpina, olio, xehe-xehe ebakitako baratxuri, tipula eta piper berdeak osaturiko saltsan beratuta.
• Hezurgabeturik, tortilla zukutsuan.
•Mardulak direnean, plantxan edo, areago, parrillan segundo batzuk erreta.
• Txiki-txikiak (irail-urri aldekoak), osorik, gatza eman eta baratxuri dezenterekin frijituta, pipermin puntta batez.
•Gazitu eta, lehortutakoan, oliotan beratuta.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Antxoa, aukeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu