Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Arazo teknikoak

2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ertzaintzak Xuban Nafarreteri gomazko pilotakada batez jo zuenean aipatu genuen: ETBko eguerdiko albistegietan ez zuten berria eman, nahiz eguerdi parterako berripaper honen edizio digitalak gertaera aipatzen zuen jada. Ertzaintzak —ustez— Iñigo Cabacas—ustez—gomazko pilotakada batez —ustez— jo duenean eta pilotakada horrek Cabacas hil duenean —ustez?—, berriz gertatu da: ETB2ko astelehen eguerdiko albistegian ez dute berria eman.

Oraingoan huts teknikoa izan omen da, hala adierazi du nork eta Africa Baeta aurkezleak, non eta sare sozial batean. Antza, notizia sartzea aurreikusia zegoen: «Ha habido problema técnico. Mil disculpas». Aurkibidean aipatu zuten, egia da. Gero, aldiz, berriak garatzean, ezer ez: «Maletas que van y que vienen. La imagen de este lunes de Pascua». Zein izan zen arazo teknikoa? Bideoak huts egin zuen? Eta ezin izan zuen ezer esan aurkezleak? Haren esku zegoen zerbait esatea. Edo ez, lehenengo irudian ikusi baitzen Baeta zerbait apuntatzen eskuan. Zehazki, zer? Auskalo, agian, Bruce Springsteenen telefonoa.

Gero, astelehen arrats eta asteartean jaso zen berria. Bai eta, luze-zabal, gertaeren bertsio ofiziala ere. Meritua dute, bereziki nabarmendu baitzen gertaeren lekuan borra luzagarri bat aurkitu izana, eta gaineratu ezin bazter daitekeela hipotesi bakar bat ere. Eta egin zezaketen, TeleBilbaok astelehen gauean txukun egin bezala, bestelako bertsioak ere jasotzea; lekukoena, esaterako. Baina, horren ordez, nahiago izan zuten Eitb.com-etik jendearen komentarioak desagerrarazi —arazo teknikoa hor ere, azaldu digute gerora—. Tira, beti da okerragoa kanpoan gertatzen dena: berria eman bazuten, kiroletako atalean. Moskuko Dubrovka antzokiko triskantza kulturan sartu zuten bezala, noski.

Hainbeste arazo tekniko, azkenean gertatuko da Cabacasen heriotza bera dela arazo tekniko. Izan ere, bada: teknikoki hutsegitea baita Ertzaintzarentzat jendea hiltzea. Helburu hori ez dute; gehienez ere, begiren bat, bigarren mailako organuren bat erauztea. Eta eztabaida ez dira soilik gomazko pilotak, hainbat lekutan debekatuak, Europar Komisioak Ertzaintzari berari debekatuak. Poliziaren birplan- teatzea da auzia, bazterrotan baitabil Europan polizia gehien biztanleko. Bitartean, Iñigo Cabacas da indarkeria politikoak gurean eragin duen azken hildakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.