Gure espeziea, Homo sapiens edo gizaki modernoa, orain dela 150.000 urte inguru agertu zen Afrikan, eta orain dela 60.000 urte, gutxi gorabehera, Afrikatik atera eta Eurasia kolonizatu genuen. Orain dela gutxi arte, hipotesirik onartuenaren arabera, gizatalde arkaiko guztiak ordezkatu genituen, haiekin gurutzatu gabe. Hala ere, azken urte honetan zenbait ikerketak irudi hori aldatu dute, eta badirudi gure espeziearen historia ez dela pentsatzen genuen bezain sinplea izan. Datu berriek gizatalde arkaiko eta modernoak garaikideak izan zirela erraten dute, eta, gainera, bien arteko gurutzatzeak egon zirela frogatzen dute, bai Afrikan, bai Eurasian. Ikus ditzagun horren inguruko azken aurkikuntzak.
Afrikan bi ikerketa garrantzitsu eraman berri dituzte aurrera. Alde batetik, iaz, iraileko Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian Hammerrek eta haren lankideek oso zaharrak diren hiru eskualde genomiko identifikatu zituzten ehiztari-biltzaile afrikarretan. Egindako kalkuluek adierazi zuten orain dela 35.000 urte inguru gizaki arkaiko batzuekin gurutzatu ginela Afrikako Erdialdean, egungo pigmeoen eta inguruko tribuen genomen apur bat gizaki arkaiko horietatik datorrelarik. Bestetik, hilabete bereko PLoS ONE aldizkarian Harvatik eta haren lankideek Nigeriako Iwo Eleru aztarnategiko burezurra berraztertu zuten, eta ezaugarri primitibo ugari aurkitu zituzten, horien artean bekokiko tontor nabariak eta burezur luzea. Datazio berriek 12.700 eta 16.300 urte tartean jarri dute burezurraren adina, eta horrek adierazten du gizatalde arkaikoak orain dela gutxi arte mantendu direla gure artean, eta, agian, haiekin ere gurutzatu ginela.
Eurasia, bestalde, zenbait ezusteren jatorria izan da. Alde batetik, orain dela urte eta erdi frogatu zuten gizaki modernook, Eurasian barrena sakabanatzen ari ginela, bertako gizatalde primitiboekin gurutzatu ginela. Alde batetik, neandertalekin gurutzatu ginen, ziurrenik Ekialde Hurbilean, neandertalen genoma osoa sekuentziatu ondoren ikusi zuten moduan. Hori dela eta, egungo eurasiarren genomaren %1 eta %4 arteko portzentajea neandertaletatik datorkigu. Bestetik, Siberiako Denisova kobazuloan aurkituriko falange batetik indibiduo horren genoma osoa sekuentziatu zuten, eta denisovarrak melanesiarren arbasoekin gurutzatu zirela frogatu zuten. Horrela, egungo melanesiarren genomaren beste %4 bat antzinako gizaki horietatik dator. Aurten, PLoS ONE aldizkariko martxoko alean, ikerlari australiar eta txinatarrek orain dela 11.000-14.000 urte tarteko Txinako burezur bi deskribatu dituzte. Biak gizaki modernoenak badira ere, ezaugarri primitibo ugari dituzte, egungo populazioetan aurkitzen ez direnak, hala nola haginen sustrai fusionatuak (taurodontismoa), haginen koroa zabalak eta kokots txikia. Oraindik ezin izan dute frogatu, baina baliteke ere kasu honetan gizaki horiek gurekin gurutzatu izana.
Ikerketa berri horietatik guztietatik hurrengo egoera ondoriozta dezakegu: orain dela 60.000 urte inguru, Afrikatik atera ginenean gizatalde primitibo eta ezberdin ugari zegoen Afrikan eta Eurasian, eta ez ziren bat-batean desagertu; batzuk orain dela gutxi arte mantendu dira. Gure genoma, eta, hortaz, gu geu, horrelako gizaki arkaikoen geneei esker gara garen modukoak. Gure espeziearen hastapenen historia ez da batere sinplea izan, eta poliki-poliki datuak biltzen goazen heinean eta batez ere fosil-aztarnetatik genoma gehiago sekuentziatzea lortzen dugunean, irudia argituz joango delakoan nago. Eta azken horren inguruan, berandu baino lehenago aurrerapausoak izango direla iragartzen dut.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Arkaikoak eta modernoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu