Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Atzean telebista publiko bat

2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Lehen kolpean izan zen ezustekoa: ez nuen inondik ere espero Zinemaldia bukatu eta zazpi egun eskasetara estreinatzea Zinemaldian eman zuten ekoizpen bat. Besteak beste, eta hona ekarri bezala, euskal telebista publikoak Euskal Herrian egin den hainbat ekoizpeni ez diolako bereziki jarri izan alfonbra gorria —Chekcpoint rock dokumentalarekin aipatzen genuen hori, estreinatu eta hiru urtera eman zutela—. Baina eta batez ere ez genuelako halako azkartasunik imajinatuko, zazpi egun, pentsa, jainko batek mundu trakets bat sortzeko behar dituenak baino ez. Argiaren abiadura, telebista iluntasun garai hauetarako.

Bigarren kolpean izan zen poza: ekoizpena zen, hasteko, euskal literaturari buruzkoa, museoko pieza, eta, jarraitzeko, Bernardo Atxagari eskainitakoa. Leku beteak, hitz hutsak, Joxeanjel Arbelaitzek sustatu eta zuzendua, baina Atxagak berak egina gidoia. Eta Atxaga bera da hizlari bakar, elkarrizketa luze batean, garai-leku askotako irudi, argazki eta bideoekin. Atxagari buruz Atxagak, nolabait, haren unibertso literarioa eta obra hobeto ulertzeko, idazle izatea noiz eta zergatik erabaki zuen, Obaba nondik jaio zen, bidaia nola izan zen Bilborakoa, bueltako txartelarekin. Atxagaz aurretik jakin zitezkeenak, baina ordu beteko lanean bildu eta egoki aurkeztuak.

Eta hirugarren kolpean izan zen zalantza: Zinemaldian izan dira beste euskal ekoizpen batzuk, Oskar Alegriaren Emak bakia baita, Bertha Gaztelumendiren Mariposas en el hierro, Juan Miguel Gutierrezen Mur-mur, eta zergatik ez horiek ere ETBn eman, garaian eman, txukun eman. Zergatik ez, Koldo Almandozen Deus et machina-ren gisako film laburrak eman, eta, gainera, gertakizun gisa tratatu, esan telebistan estreinaldia dela, Hollywood urrina duten produkzio arranditsuekin egiten den bezala. Eta Zinemalditik kanpo geratu diren beste hainbat ekoizpen berri eman, Zinemaldian egotea mereziko luketenak; adibidez, Barrura begiratzeko leihoak. Ez dut esan nahi euskarazko edo, are, Euskal Herriko ekoizpen oro, euskarazko, edo, are, Euskal Herriko izate hutsagatik, modu akritikoan eman behar direnik. Baina bai beste mimo bat, beste goxotasun bat, argiro erakustea bertako ekoizpen baliotsuek badutela atzean zaintzen dituen telebista publiko bat. Ez gehiago, ados, baina ezta gutxiago ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.