Modako futbol taldearen eskutik Miranda Ebro eta Manchester ezagutu ondotik, Gelsenkirchen tokatzen zela uste nuen. Prest nengoen, gainetik, Renania, Westfalia, Ruhr arroa bisitatzeko sofaren goxotik. Baina bai zera. Behin nahi izango, futbol partida baten aitzakian izan arren, euskaldunak munduan zehar erakustea, eta ezer ez. Akaso formula nahikoa ustiatuta daukatela konturatu dira. Tira, hala bada, gaitz erdi. Eta alternatiba ez zen itxuraz txar-txarra ere: Azpiegiturak krisian izeneko atala Harian saioan. Berehala etorri zitzaizkidan gogora Salvados programak emandako Cuando éramos ricos eta Cuando éramos cultos haiek. Alferrik.
Ezen, ai lagunok, Basauriko Euskal Artearen Museoa ez baita Santiagoko Kulturaren Hiria, ez Valentziako Arteen Hiria Gallartako Meatzaritzaren Museoa ere. Harian honek ekarri zizkigun azpiegiturek, bakoitzak bere herri-eskualdean eragin dezakeen nahasmenduaz gain, sentitzen dut, baina ez dute Salvados haietan erakutsi zirenen adinako itzalik, harrotasunik, glamourrik nahiago baduzue. Zer gertatuko zaigu Aiara eta Bakioko kiroldegiak, Donostiako Illunbe zezen plaza eta erakutsi ziren gainerako azpiegitura proiektuak ez badira ateratzen? Ezer gutxi. Horiek ez direla gauzatuko? Bost guri, aurrera doan herria jarraituko dugu izaten. Indiferentzia horren froga izan daiteke bi Salvados haiek sortu zuten oihartzuna eta Harian hau nola pasa den oin-puntetan.
Izan ere, egin behar diren azpiegiturak, herria altxatzeko diren horiek, egin egiten dira hemen. Ze hemen badirudi gauza batzuk inolako dudarik gabe ditugula beharrezko. Bestela nola ulertu hau: Euskal Herria benetan hunkitzen duten azpiegiturak, benetan kezka, zalaparta, gatazka eragin dutenak, benetako krisian daudenak eta krisia areagotzen dutenak, ez zirela inondik inora agertu saioak iraun zuen 30 minutuetan. Bitxia benetan. Abiadura handiko trenaz hitz erdirik ez, Jaizkibeleko Superportuaz aipamen txikiena ere ez, mutu errauste planten inguruan. Eta, adibidez, tartea izan zuen aurkezleak Basaurin zaborren tratamenduaz hitz egiteko, berez horretara ere joan baitzen, zaborren bilketa berezirako egin den eraikinaz galdetzera. Eta azkenean mugatu zen, zer, 20 segundo eskaseko galde-erantzun bakarrera. Hori ba; gu, badaezpada, beti aurrera.
Komunikazioa. Ekografiak
Aurrera doan herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu