Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Aurrera egitekoak

2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Mugimendu interesgarri pare bat izan dugu asteon euskarazko telebistaren mundu txiki honetan. Batetik, Hamaika telebista kateak Donostiako egoitza berriaren estreinaldia egin du, gonbidatu ilustre, kanape eta guzti. Egoitza berriarekin batera asmo berrituak ere aurkeztu dituzte,Berria TBk bideo koxkor batean jaso bezala. Instalazio berrietan zehar paseotxoa egin ondoren —gailu moderno askoak, lantaldea beharrean, platoak txukun erakutsita—, Hamaika telebistaren helburuak gogoratu dituzte: telebista plurala izatea, indarrean dauden kateen alternatiba, orobat Euskal Herri osokoa.

Asmoak ederrak dira, Euskal Herri osorako telebista bat egitea, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duena, euskalduna, profesionala, aurrerakoia, berritzailea, eta abar. Programazioa ere, bere estuan, baldintzatua oso dituen baliabide murritzengatik, txukuna dela esango nuke. Baina egia aitortze aldera, nahi baino arreta gutxiago jarri izan diot Hamaikari, iruditzen zait oraindik oztopo handiegiak dituela egoki ikusarazteko, jendeari azaltzeko zer den, zer eskaintzen duen, zer ikus dezakeen. Eta non. Internetek, artean, jarrera aktiboegia eskatzen du askorentzat. Eta ikusita euskarazko tokiko telebistei ETBren aldean ematen zaien tratua, ez dirudi berehalakoan konponduko denik arazoa.

Bigarren mugimendua Zuzeu.com agerkari digitalean gertatu da. Webgune berritua aurkeztu duten astean bertan, telebistari eskainitako gune bat ere estreinatu dute. Tira, aurretik bideoak jasotzen ziren, baina atal berezitu bat sortu dute orain. Eta hasi da funtzionamenduan, oso ondo gainera kasuren batean: adibidez, Iñaki Antiguedadi eginiko elkarrizketarekin, zeinean aurreratzen baitzen diputatu kargua utziko duela. Ez da kontu berria, informazio idatzia lantzen duten beste agerkari euskaldun batzuek ere ekin diote ikus-entzunezko materialak landu eta sareratzeari, kontuan hartuta sarean formatu horrek zer ematen duen eta zer eman ahal izango duen. Nobedadea kasu honetan, eta betiere agerkari digitalaren izpiritua mantentzen bada behintzat, telebista gune hori horizontala izango dela, hau da, erabiltzaileek zuzen erabiltzekoa.

Eta horiek asteon euskarazko telebistaren mundu txikian izandako mugimenduak, biak ere aurrera begira egindakoak, aurrera egitekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.