Franklin espedizioa 1845ean abiatu zen Londresetik Artikora, Ipar-mendebaldeko pasabidearen bidea erabat ezagutzeko asmoz. Jakina, Ipar Amerikaren gainetik Asiarako bidea aurkituz gero, Europako iparraldeko herrialdeentzat askoz laburrago izango zen egin beharreko bidea eta, gainera, menderatzeko errazagoa. Hortik, Ingalaterrako koroaren gogo handia pasabide hori zabaltzeko. Espedizioa ez zen lehenengoa izan, baina bai, aldiz, ordura arte egindako handiena, eta erreginak bertan jarri zuen koroak zeukan hoberena, bai jende aldetik, bai itsasontzien aldetik ere. Espedizioan 128 lagun abiatu ziren, baina bakar bat ere ez zen bueltatu Londresera. Artikoan hil ziren denak. Espedizioaren bila hainbat itsasontzi bidali zituen Ingalaterrak, tartean Resolute izenekoa. Beste bi itsasontzirekin batera, hiru urte eta haien bi neguak eman zituen hark Franklinen bila arrakastarik gabe. Azkenean, Resolute eta beste itsasontzi bat Cornwallis irlaren inguruko izotzetan laga zituzten, eta beste ontzi batean itzuli ziren, hala edo nola, Londresera. Handik urte pare batera Artikoan zebilen AEBetako beste itsasontzi batek aurkitu zuen Resolute, hutsik eta itsasoaren erdian galduta. Amerikarrek hartu zuten itsasontzia, eta Ingalaterrako erreginari itzuli. Urte batzuk eman zituen Londresen ontziak, eta, azkenean, desegitea deliberatu zuen erreginak. Handik ateratako egurrik hoberenarekin mahai bat egitea erabaki zuen Victoria erreginak, eta AEBetako orduko lehendakari Rutherford B. Hayes jaunari oparitu zion 1880an. Mahai hori AEBetako hainbat lehendakarik erabili ohi dute. Ezaguna egin zuen Kennedyk, argazki batean Kennedy bera eta mahai azpian semea ezkutatuta agertzen baitira. Obamak berak ere erabiltzen du mahaia erabakiak hartzeko. Mahai horren egurrek, beraz, buelta asko eman dituzte orain dauden tokira iritsi aurretik, eta bertan daudenetik erabaki askoren lekuko izan dira.
Resolute hitzak ingelesez ausarta esan nahi du, eta ausardia da behar dena Artikoko itsas izoztuetan barrura abiatzeko. Itsasontziak negua pasa zuen lekuan XX. mendearen erdialdean eraikitako herri bat dago, 200 bat biztanle dituena. Leku hotza da oso, lainotsua eta inolako glamourrik gabea. Herri horren aireportuak munduarekin konektatzen du Ipar Artiko kanadarra. Bertara iristen dira espedizioak, zientzialariak eta turistak, azken horiek oraindik gutxi badira ere.
Artikoa askoren jomugan dago. Batetik, bertan egon daitekeen petrolioa oraindik orain bilaketaren hasieran baita. Oso eskualde handia da, baina orain gutxi arte oso urruna eta zaila. Klima berotzea, dena den, Artikora ere ari da iristen, eta errazten ari da bertako esplorazioa eta ustiaketa. Han ez da ia inor bizi, basamortu ikaragarri handia da, eta, klima nahikoa epelduz gero, posible litzateke ingurua kolonizatzea, iraganean espazio berriak zabaldu direnean gizakiak egin duen bezala.
Resolute itsasontziak, Artikoan urte batzuk eman ondoren, egun Washingtonen ditu bere aztarnak, AEBetako lehendakariek erabaki asko hartzen dituzten mahaian. Lehendakari horiek zein munduko gainerako herrialde indartsuetakoek ausardia beharko lukete ditugun arazoei aurre egiteko. Krisia da egun gehien entzuten dugun hitza, baina krisi-mota asko daude. Gure gizartea petrolioaren gainean eraiki dugu, bai energiarako, bai lehengai modura, eta Artikoan inoiz asko aurkituko balitz ere, hamarkada batzuetan amaitzen hasiko da. Petrolioa erretzeak, besteak beste, munduko klimaren berotzea ekarri du, alegia klimaren krisia, baina horren aurrean, ez Resolute mahaian, ez beste mahai batzuetan, ez da oraindik behar bezalako neurririk hartu.
Ikerketa batzuen arabera, gizakia belaunaldiz belaunaldi azkarragoa da, inteligentzia koefizientea gero eta altuagoa omen dugu. Nik, dena den, ingurura begiratzen dut, eta gizakiok oro har hartuta ez zait horrela iruditzen, justu kontrakoa baizik. Arazoak mutur aurrean dauzkagu, arazo larriak, eta konpontzeko ezer egin beharrean zuzenean handiago bihurtzen ditugu. Beldur naiz Franklin espedizioari gertatutakoa gure gizarte osoari ez ote zaion gertatuko azkenean.
Ezarian. Argi Aldian
Ausardiaren mahaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu