Julian Barnesen ipuin batean, pertsonaia nagusiak, surrealista frantsesekin sexuaren gaineko esperimentu batean parte hartu zuela gogoratuz, zera dio: «Arratsalde batean zerrikeria gehiago aditu nituen Parisko intelektualen ahotik, hiru urteko soldadutzan baino».
Txantrean bizi nintzelarik, maiz autobusa hartzen nuen Donibane auzora joateko, eta behin baino gehiagotan bidaia Irabiatik ikasle atera berrien konpainia ez noblean egin behar izan nuen. Mutilak denak, hormonak dantzan eta poro guzietarik testosterona zeriela igaten ziren billabesara, beren arteko josteta zakarretan: Donibane bidean, hogei minutuan, lizunkeria gehiago botatzen zituzten oihuka, Tele5ko bi orduko edozein oilategitan baino, eta argi uzten ziguten bidaiari guzioi emaztekien anatomiaren zati ustez inportanteenak ederki ezagutzen zituztela, eskolan jenero horretako gizakirik usnatu ere egin ez arren.
Guk, jakina, errespetuz aditzen genuen, bai baikenekien mutil bipil haiek guziek emaitza akademiko bikainak zituztela (ez nahitaez eta ez soilik segregazioari esker, baita —beharbada— zenbait eskola pribatuk ikasleen espedienteak puzteko duten joerari esker ere); eta poz zinez handia sentitzen genuen, ederki ikusten baikenuen nesken inguruan zuten irudi hark, titiak eta pottotta dituen izaki mitologiko baten irudi hark alegia, anitz lagunduko ziela gizarte modernoaren zenbait tranpatan (berdintasunaren tranpan, adibidez) ez erortzen.
Eta horrela, guzion artean ordaintzen dugun goi mailako heziketa horren onurak gozatzeko aukera genuenez, kontent joaten ginen autobus hartan.
Maratila
Autobusean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu