Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Autoelkarrizketa

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Imajinatu une batez A.G. inizialdun kazetariak elkarrizketa egiten diola telebistaren inguruko zutabeak idazten dituen —kasualitatea— A.G. inizialdun morroiari —inoiz inon argitaratuko ez den balizko autoelkarrizketa honek Kike Amonarriz eta Txema Ramirez de la Piscinaren bideo elkarrizketak ditu inspirazio iturri—. Galde-erantzunak, gutxi-asko, ondorengo hauek lirateke: 1. Zer da telebista? Ez gaitezen engaina, telebista etxetresna elektriko bat da; bat gehiago, garbigailu, hozkailu eta irabiagailuarekin batera. Kontua da telebistak garbigailu, hozkailu eta irabiagailuak baino informazio gehixeago ematen digula geure jendarteaz —ez pentsa, halere, hiru horiek geure jendartearen gaineko informaziorik ematen ez digutenik; irakurri Pablo Sastre bestela—. 2. Zer falta zaio telebistari? Nireari urrutiko aginte bat, eta horrek asko zailtzen dit kate aldaketa. Telebistari, oro har, gertuagoko aginte bat, zuzentzen dutenek ezagut dezatela zerbitzu eman behar dioten jende multzoa. 3. Zer du soberan telebistak? Labur, kateen %99. Ez hainbeste kate ugaritasunagatik, kate horietan eskaintzen duten programazioagatik baizik. 4. Zeintzuk dira telebista perfektuaren osagaiak? Zalantzarik gabe, pamplona txorizoa eta nozilla. 5. Zeure esku balego programazioa osatzea, nola egingo zenuke? Ekoizpen propioko telesail batekin, hasteko. Crematorio-ren esperientzia guztiz gomendagarria kontuan hartuta, egoki genezake euskarazko eleberri handi bat, esaterako Martutene (800 orrialde). Hartara nobela irakurtzearen lana aurreztuko genuke, eta idazlearen urteetako esfortzua ez litzateke hain debaldekoa. 6. Zer toki beharko luke umoreak telebistan? Umoreak ez du lekurik behar telebistan, gauza serioegia da. 7. ETBk menpekotasun politikoa izateari utziko dio? Umoreak ez du lekurik behar elkarrizketa bateko galderetan ere. 8. ETBk kate bakarra eta euskalduna izatea komenigarria da? Euskalduna, ados. Bakarra, ez du zertan. Izan ditzake hiru, adibidez, baina izan daitezela hirurak euskaldunak. 9. Nor izango da hurrengo lehendakaria? Kontxo, galdera hau pasa egin zaizu; berdin dio, bustiko naiz ni ere: EAJ eta Amaiurrek kontsentsuzko hautagai bat beharko dute; zer hoberik, ez eskuin ez ezker, munduko hiritar gazte guapo guai den Gorka Maneiro baino? 10. Espero zenuen ETAk armak behin betiko uztea? Aizu, barkatu, baina zer elkarrizketa mota da hau?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.