Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Bakoitzak berea

2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Komentatzen genuen jaiotzetiko marka dela ETB eta hizkuntzen arteko eztabaida —ETB eta euskararen artekoa, esan beharko nuke apika, gaztelaniak beti eta edonon ematen baitu arazo absentzia—. Bada, ez da astea pasa hori esan genuenetik eta badugu beste su bat piztua, Eusko Legebiltzarrera ere iritsi dena —ezer erretzera iritsi gabe—. Jar gaitezen lekuan: imajinatu, motiboa dena delarik ere, ETBko albistegietarako harrapatu nahi zaituztela, korte bat egin, nik zer dakit, arma zurien industriari buruzkoa.

Euskal hiztuna izaki, euskaraz egiten dizute lehenik galdera. Baina gaztelania hiztuna ere bazarenez, jarraian gauza bera gaztelaniaz esateko eskatzen dizute, mesedez eta arren. Eta hortxe sortzen da dilema: zer egin, baietz erantzun, denontzat ere errazagoa delakoan zuk berriz gauza bera gaztelaniaz errepikatzea, ETBkoek itzultzaile bati lana pasa, azpidatzi eta abar egin behar izan gabe. Edo ezetz esan, koherentzia edo dena delakoagatik, eta ETB2n ere euskaraz jar dezaten eskatu, azpidatzita, euskarak presentzia apur bat izan dezan gaztelania hutsezko katean. Bigarren hautua hartuz gero, edukazio eskasa leporatuko dizu baten batek, eta okerrago dena: gera zaitezke ETB2n agertu gabe, beste bati eskatuko baitiote gaztelaniaz erantzuna. Gertatu da, orain gutxi, eta horrexek eraman du gaia Legebiltzarrera.

Baina hori da arazo bat, eta beste bat, aurrekoa bezain larria, ondorengo hau. Ez dugu ahaztu behar, hemen esan dugu lehenago ere —eta barka errepikatzen ari banaiz—: EAEko telebista publikoa da ETB, ez gehiago. Eta hori ikusten da garbi albistegietako adierazpenak aztertzen badira kontrako norabidean. ETB EAEko telebista publikoa baino gehiago balitz, ETB1eko adierazpen guzti-guztiak itzuli beharko lirateke euskarara, guzti-guztiak, gaztelaniakoak barne; besterik ez bada, gaztelaniaz ez dakiten milaka euskaldunenganako errespetuz. Ezen ahantzi egiten baitugu, baina asko dira gaztelaniaz ez dakiten euskaldunak—frantsesez ez dakigun euskaldunak baino gutxiago, hori ere esan beharra dago, gure lotsarako—. Beraz, zergatik ez, egin dezagun Blanca Urgell sailburuak esan duena: adierazpena bakoitzak hautatzen duen hizkuntzan eman dezala. Betiere ETBk egiten badu dagokion erdia: hau da, katearen hizkuntzan ere ematea adierazpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.