Hitza zilarrezkoa, isiltasuna urrezkoa... aspaldiko erran zaharra da, eta iduri luke gaurko ere balio duela. Baleek itsasoetan jasaten dutenak badu gogoetatzekorik. Berrogei urte hauetan itsaso guztiak ikertzen ari dira bai arrantzontzi handiak bai erresuma askotako gerrako ontziak. Horretarako, sonar sistemak baliatzen dira, besteak beste, itsaso zolaren kartografia zehatzen egiteko, etengabe. Abereen eta bereziki baleen komunikazio bideak ikertu zirelarik, ez hain aspaldi, hauek baliatzen dituzten soinu frekuentzia apalak nabaritu ziren. Sonaren hadapen mugarik gabeak frekuentzia hauek nahasten dituzte, eta baleek beren komunikazioa aldatu behar izan dute. Frekuentzia apalak doi bat aldatuz eta maiz isildu dira ere: beren hartu-emanen kaltetan, bizitza soziala apalduz, arra emeak gutiago gurutzatuz, ume gutiago eginez. Laburbilduz, beren etorkizuna arriskuan jarria da. Eta ez bakarrik haiena, izurde eta beste askoren kaltetan baita itsaso azpiko zarata hori.
Gauza bera gertatzen ari da lur gaineko munduan: hegaztien komunikazioa, kantua, itxuraldatzen ari da. Lurrean orokorki egiten dugun zarata mende batez mila aldiz biderkatu da!... Joxemiel Barandiaranek aipatzen zuen euskal gurdien karranken ezaugarri hura betiko desagertua zela. Baserri munduko isiltasun berezi hura gaur traktore eta beste tresnek hilarazia dute, hirietako burrunba izugarria hor dugu ere. Nolaz kantuz ariko gara gure etxe, bidexka, ostatuetan...? Baleak bezala isildu behar ote gara? Bizia isiltasuna dela ere pentsa dezagun, bihotzak eta gogoetak entzuteko.
Maratila
Baleen isiltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu