Gertatzen da denborarekin behin esan zenituen hitz ustez zorrotz, sendo, betierekoak jan beharrean aurkitzen zarela ez gutxitan. Eta patata frijituekin bada, gaitz erdi. Luze gabe iaz idatzi nuen tarte honetan bertan telebista lehiaketei buruzko testu sasi mamitsu bat, behar baino gehiago laburtuz, esaten zuena ikuslea jartzen dutela pantailan ari diren lehiakideen gainetik, saria edonoren eskura dagoen ametsa dela sinetsarazten digutela, eta ildo bereko intelektualkeria gehiago. Eta ez dut esango, urtebete geroago, hitz horiek bere horretan sinatzen ez ditudanik. Baina saretik gauzak diferente ikusten dira, lagunok.
Izan ere, neronek jarritako tranpan erori naiz. Bat gutxi balitz bi dira ikasturte hasiera honetan jarraitzen ari naizen telebista lehiaketak. Bat ezaguna dugu, Mihiluze beteranoa —1.000 saio bete zituen ekainean—. Nahiz berrikuntza nabarmenekin hasi duen denboraldia: irudia, dekoratuak, probak, joko dinamika. Hasi nintzen xalo ikusten, nobedadeak-eta zertan ziren argitzeko, eta hara non laugarren egunerako pantailaratu ziren Hondarribia-Hendaiako bi anaia jator —lagun ditut eta ziurta dezaket pantailan bezain jator direla bizitza errealean—. Eta, akabo, hortik aurrera egunero hartu behar izan dut dosi bat Mihiluze, beste garai batean bentzodiazepina bezalaxe. Proba batzuk besteak baino gehiago gustatzen zaizkit —deformazio profesionala, hizkuntzarekin jolasten direnak ditut atseginen; berrien artean hasierako biak—; baina ondo mantentzen du erritmoa saioak orain irauten duen 45 minutuetan. Eta anaiak atzo kanporatu bazituzten ere, susmoa daukat jarraituko dudala tarteka ikusten Mihiluze. Baina bada bigarren lehiaketa bat, eta hau bai ez nuela inondik ere aurreikusia. Lo sabe, no lo sabe izena du, eta oso da inuzentea: kalean arrantzatutako lehiakide batek jendea aukeratu behar du bere ordez galdera erantzun dezan. Grazia: aukeratutakoak batzuetan ondo eta besteetan gaizki erantzun behar duela. Ikusten duzu, misteriorik ez du, baina funtzionatzen dit. Eta Juanra Bonet horrek grazia apur bat badu, musika ona jartzen dute, eta ez da zentsura politikoa praktikatzen: presoak kalera espontaneo bat entzun ahal izan genuen joan den astean. Baten lekuan bi lehiaketa, beraz. Nik haiek, edo haiek ni abandonatu bitartean, uste dut beteta daukadala kupoa.
Komunikazioa. Ekografiak
Baten lekuan bi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu