27 segundo.Oso denbora laburrean jarri zuten Espainiako ereserkia finalean, baina luze-luzea egin zitzaien kiroletan nagusi diren Espainiako bi irrati kateei, Ser eta Coperi. Kirol esatari bati une batez isil dadila eskatzea bere buruaz beste egin dezala eskatzea bezain larria da ia. Halaxe egon ziren herenegun, hala ere; euren ereserkia maite dutelako. Ereserkia eta txistualdi burrunbatsua bukatuta, bi irratien esatari liderrek euren ildo editoriala azaldu ziguten, esaldi bakarreko formatuan. «Politika eta kirola nahasten segitzen dugun bitartean, jai dugu», adierazi zuen Manu Carreñok Ser katean, eta «Me parece una paletez decimonónica» Paco Gonzalezek Copen. 27 segundo horien isiltasun zaratatsua eta ondoren esatariek egin zituzten komentarioak euren webguneetan podcast-etan entzun daitezke. Eskertzen diegu eduki duten detaile hori.
Bazterrekoak.Antonio Alvarez Solisek kazetariak garai batean kaleko jendearekin zuen harremana aldarrikatu nahi izan du Crisis del periodismo. La información y la calle liburuxkarekin, atzo orrialde honetan esan zuenez. Sakon arakatu behar da kazetaritza eredu hori topatzeko irratian, makroekonomiaren gurpil eroan etsia hartzera eraman nahi gaituzten honetan. Ale bakan horietako bat Sandra Camps kazetari ausartak dakargu RN1en, ordutegi ezin baztertuagoan (En primera persona, astelehenetan 04:05ean, igandeetan errepikapena 07:05ean). Hedabide handiek baztertutako gai sozialen bat hautatu, grabagailua eskuan hartu eta estatuko edozein bazterretara abiatzen da astero, protagonista anonimoei hitza emateko. Saio guztiak RNko atarian jarrita daude. Gomendagarrienetakoa, La Comuna elkartearekin egindakoa: trantsizioak zigorgabe utzi zituen frankismoko errudunen aurka bide judiziala nola ari diren garatzen azaltzen dute luze eta zabal.
Bi eredu.Badira hiru urte Alvarez Solis REko zuzendaritzara iritsi berriek baztertu zutela. Besteak beste, Floren Torre Lledok eta biek zaharren tertulia osatzen zuten Hágase la luz saioan igandeetan (06:05). Egoera politiko-ekonomikoaren aurrean bi diskurtso eredu ordezkatzen zituzten: jenio biziz eta umorez zipriztindutako izpiritu kritikoa bata, berriketa demagogikoz apaindutako etsipena bestea. Bigarrenak jarraitzen du saioan.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Bazterrekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu