Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Besterik da biharamunean

2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Ez dut esango hiru urte neramatzanik esperoan—besteak beste, zineman estreinatu zenean ikusi ahal izan nuelako—. Baina ezin esango dut emisioaren iragarpenak poztu ez ninduenik —besteak beste, halakorik espero ez nuelako abuztu atari honetan—. Izan ere, hala da, 2009an estreinatu zenetik, joan den astearte gauera arte itxaron behar izan dugu Fermin Muguruzak sinatzen duen Checkpoint rock dokumentala ikusi ahal izateko ETBn. Tamainako atzerapenaren motiboak, baldin eta badaude, nik ez dakizkit, baina nekez izango lirateke denbora tarte hain zabala justifikatzeko beste. Aitzakiagintzan masterra beharko lukeela sinesgarri litzatekeen bat asmatuko lukeenak.

Baina harritu ere, ez nau harritzen. Azterapenak, esan nahi dut. Gauza okerragoak ere irakurria naiz, Muguruza bera tartean dela beste behin: Al Jazeera telebista katearentzat egin zuen Next music station hamabi dokumentaleko sorta ere ez dute eman ETBn. Eta ez bakarrik ez eman; Muguruzak dokumental sorta emateko eskaintza egin zienean, antza erantzunik ere ez zuen jasoETBko agintarien partetik. Txalo bero bat ETBko agintariei, ez baitira kapaz izan nazioartean ezin imajinatuzkoa lortu duen ikus-entzunezko lan bat etxera ekartzeko. Halakoekin, jai daukagu; festa gutxi, ordea.

Tira, baina eman zuten azkenean Checkpoint rock. Lan ezin interesgarriagoa, Mahmud Darwish poetaren heriotzarekin abiatu, eta Palestinako egungo musikarien testigantzak jasotzen dituena. Esaten du musikari batek: «Palestinatik kanpo ez da ezagutzen bertan zer jazotzen den». Baina modu berean da herrialde hartako garai historiko jakin baten testigantza. Luze gabe, Muguruza eta konpainiak ezin izan zuten Gazan grabatu. Handik bi hilabetera, Gaza bonbardatu egin zuen Israelek. Ondorioa: 1.400 hildako, horietarik 500 haurrak.

Eta, ematen hasita, euskal rockaren hastapenei buruzko Salda badago dokumentala ere eman zuten, Muguruzaren dokumentalaren gibeletik. Aspaldian ez nintzen izan hain gustura sofan hondoratuta lasai ederrean ETB1 ikusten. Eta gisa horretako gauetan, sinesten duzu berriz euskarazko telebista publiko batean, egingarria ikusgarria gustagarria den euskarazko telebista sendo batean. Besterik da biharamunean telebista atzera piztean amets horrek bere horretan irauten duen, edo deblauki izan den papurtua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.