Elikadura. Hazkurri kontuak

Bukatzeko

2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Donostiako estropaden ajeek ekarri eta sanjuanetako suak kanporatu izan gaitu aspaldi honetan. Gaur, beraz, atzenekoa. Gauza asko trabatu zaizkigu bidean, isilean geratu direnak: esateko unea aproposa ez zelako, tartetxo honetan behar bezala sartzen ez zelako, behar bezain informazio ona ez genuelako…

Ez dugu jorratu, adibidez:

Sukaldari sarituen eta saritu gabeen arteko ika-mika eta haserreen gaia;

Etxez kanpoko elikadura nozitzen hasia den krisialdia, establezimendu txiki eta handi asko betirako etzango dituen hori;

Euskal Herrian (Donostian) botere faktikoek ezarri diguten unibertsitate-eskola horrek euskal errealitate osoari ezartzen dion zentsura gupidagabe eta lotsagabea;

Aspaldi honetan nozitzen dugun ostalaritzako profesionalen utzikeria (ikasi nahi ezaren nabarmena) eta prezioen gorakada, ezin justifikatuzkoak, bata bestearekin harmonikoki uztartuak;

Elikagaien produktore eta kontsumitzailearen arteko bitartekari ospetsuek (enpresa handi, boteretsu, ezagunek) poltsikoratzen dituzten irabazi eskandalagarriak, batzuei eta besteoi diru-xahuketa latzak eginaraziz;

Kontsumitzaile xeheak (guk) pairatu beharko duen oinarrizko (eta hortik aurrerako) jan-edanen prezioen gorakada, are nabarmenagoa lansaria murriztuko zaiolako.

Hedabideek, euskaraz komunikatzen den gai honi eskaintzen dioten arretarik eza, kanpoko hizkuntzak erabat eta betirako «lehenetsita»;

Ageriko iruzurren aurrean, soldata galanta gure dirutik kobratzen duten agintariek behin eta berriro itsuarenak egin eta, hori berriz gerta ez dadin, inspektorerik ez ezartzea;

Hedabide gehientsuenek, komunikatzaile jakin batzuek (gida famatu eta ospetsuek) goratutako establezimenduez bakarrik arduratzea, egiazko lan polit eta nekosoa egiten duten jatetxe, denda eta antzekoak zeharo bazterturik;

Enpresa banatzaile handiek ezarritako hipermerkatu eta azalera handiko saltokiek «gertuko merkataritza» (kaleko dendatxoa) hil izana;

Ostalaritzan, «maila ertainetik» gora, euskararen presentzia hutsa (zero) izatea eta, areago, horren erruak oraino Franco zenari egoztea…

Beraz, ba omen dugu hurrengo denboraldirako gaia… Eskerrak eman beharko, gainera!, okasioa eman diguten horiei.

Mila esker, herritar adiskide, zutabetxo hau aukeratzearren. Ongi izan zaitez uda partean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.