Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

'Catalunya no is Spain'

2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aizue, ea egian den bada katalanak badoazela. Eszeptizismo guztiak uxatu ezinik, hara: milioi eta erdi, bi milioi lagun kalera irailaren 11n; itun fiskalaren eskaintza eta Madrilen ate-kolpea pasa den astean; hauteskunde aurrerapena asteazkenean; eta, oraingoz azkena, herenegun, Europan estatua izateko aukeraz galdetzea onartu duela Kataluniako legebiltzarrak. Tira, zerbait bada, eta abiada handian gertatzen ari da gainera. Galdetu edozein katalani horrelako zerbait espero ote zuen orain hilabete juxtu: denek esango dizute nanai. Hemendik aurrerakoak lausoago daude, hauteskunde emaitzak, galdeketaren aldekoen indarrak, galdeketa egiteko Espainiarekin ezer adostu-ez adostu behar ote den. Ikusiko. Baina, eszeptizismo guztiak uxatu ezinik, ematen du Kataluniak hartutako bideak ez duela atzera bueltarik.

Diagnosi horretan bat zetozen, behintzat, asteazkeneko Bisitaria saioan Xabier Euzkitze hartu zuten gonbidatu guztiak. Programa berezia izan zen, inoren etxe pribatua baino, etxe handiago bat bisitatu baitzen, katalan guztiena. Edo etxeko zatirik esanguratsuena bederen, katalanek eurek kexu duten hiriburu-zentrismoa errepikatuz, Bartzelona. Batetik, Kataluniarekin lotura estua duten euskaldunak, bertan bizi direnak elkarrizketatu zituen Euzkitzek: Gorka Knörr, Eli Zunzunegi, Joxemari Bakero. Bestetik, politikari katalanak. Kataluniako espektro politikoaren errepresentazio arraro xamarra egin zen —agian, ahal izan zena, ez baitira orain hauek egongo, nahiz garai batean beso zabalik hartuko gintuzten, atzean geratu diren euskaldunekin denbora galtzeko—: Albert Rivera Ciutadans alderdikoa —diskurtso harrigarriro moderatuarekin, hemengo UPDren irudikapen bat izanik—, Oriol Amoros ERCkoa, eta Pilar Rahola, Mas —eta gehiago— zalea. Eta guztien ahotan, kontu bat: puntu eta apartea. Gauzak ez dira berdin izango hemendik aurrera.

Abiada handian gertatzen ari da dena Katalunian, eta azken Bisitaria, ez dut esango desfasatua geratu zenik, baina bai gaur grabatuko balitz seguru desberdina litzatekeela, eta akaso biharko zaharkitua. Eta eszeptizismo guztiak uxatu ezinik, katalanak norabait doazen sentsazioa uzten du honek guztiak. Edota Joxemari Bakerok esan bezala, eta batzuetan antz handiegia izan arren, Catalunya no is Spain (sic) egiatan denarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.