Lau hitzeko esaldia. Ez da lehengo aldia; sarri gertatzen da Radio Euskadiko albistegietan. Iparraldean atxiloketa baten berri ematerakoan, noiz eta non atxilotu duten esateaz gain, Madrilgo Barne Ministerioak atxilotuari leporatzen dizkionak xehe-xehe ematen dizkigute aditzera. Ordea, atxilotuarekin lotuta dagoen beste datua, alegia, bizitza publikoa zeramala, ahaztu egiten zaie, Euskadi Irratian ez bezala. Halaxe jokatu dute, azkeneko txandan ere, Urruñan azken atxilotu Arturo Villanuevarekin. Deskuidu edo automatismo hutsa ote? Ezdeus edo zirtziltzat hartzen ote dute lau hitzez osatzen den esaldi hori, atxilotuaren inguruko zirkunstantzia guztiak osatu eta entzuleok jakinaren gainean jartzerakoan? Atxilotuak gizartetik urrun bizi diren gizaki gaizto hustzat aurkezteko gogoa, ez ote dago atzean?
Udako deskubrimendua.Ez da erraza izango, nonbait, ideologia kontserbadorea eta espainiar zalea edukita euskaraz modu txukunean, gozoan… adieraziko den tertuliakidea topatzea;Arantza Azurza Donostiako abokatuaz geroztik, ez genuen antzeko hiztunik sentitu aspalditxoan, Euskadi Irratian. Bada, abuztuan zehar, Pello Atxukarro izan dugu Faktoria saioan, Ainhoa Aznarez eta Agurne Barrusorekin batera, Jose Joan Ugaldek zuzenduta. Gozatu ederra hartu dugu bere euskararekin, mamiaren gainetik…Jarraipenik emango ote diote?
Mokoka tertuliakideak.Badute morboa Javier Lasarte eta Mikel Huizi solaskideek antenan pizten dituzten ika-mikak, Boulevard-eko tertuliak saio berean biltzen dituenean. Elkarri mokoka bezala aritzen dira euren ideologia politikoaren (eta sigla politikoaren) eginak goratzeko eta bestearen okerrak nabarmentzeko. Udan ere ez diote su-etenik eskaini elkarri. Biek izandako lehietako batean zehar, PPk Lopezi sostengua kenduz geroztik legebiltzarrean ez zela legerik onartu defendatu zuen Huizik; baietz, ordea, Lasartek. Bada, hurrengo astean, Lasartek hitza hartu zuen tertulian, eta adierazi etxeko lanak eginda heldu zela: bederatzi lege omen dira onartuak legebiltzarrean azken hilabeteetan; zerrenda ere ekarri zuen. Huizi, mutu geratu zen. Dena esatera, era horretan kitatu beharko lirateke makina bat sesio solaskideen artekoak, datu objektiboak egon arren ezjakintasunez jardun ohi dutenean.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Deskuiduak eta deskuiduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu