Elkarrizketa argigarria egin zion Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak Iban Garate aurkezleari, orrialde honetantxe, joan den ostiralean. Argigarria, Ai, ama! saioaren intentzio bat baino gehiago agerian geratu zelako. Akaso harrigarriena izan zen, gonbidatuak ekartzerako orduan praktikan jartzen duten endogamiaz galdetuta, Garatek eman zuen erantzuna: «Gauza bat da norberak zer nahi duen, eta beste bat zer lortzen dugun. Euskara dugu tarteko. Planteatu beharko dugu euskaraz ez dakiten gonbidatuak ere ekartzea, itzulpenak jarriz. Lehen saioetan egia da ETBko lagun asko izan direla».
Euskara dugu tarteko. Noski. Euskara beti tarteko, abiapuntu eta helburuaren arteko. Ze putada, ezta? Euskarak galarazten digu egiten duguna txukun egin ahal izatea. Ze zoriontsuak ginatekeen euskararik ez balego, frantsesdun, gaztelania hiztun, lasai asko kaletik ogia erostea beste ardurarik gabe buruan. Ezen gaztelania ez baita inoiz tarteko, ez frantsesa, ezta ingelesa ere. Tarteko dena beti, deseroso, traba, euskara da. Eta, ondo pentsatuta, ez zait gaizki iruditzen euskaraz ez dakiten gonbidatuak ere ekartzea saiora. Betiere, baldin eta euskaraz ez dakiten gonbidatu horiek ez badira esklusiboki gaztelania hiztunak. Ez dadila Ai, ama! bilakatu, hemen aipatu ditugun ETB1eko beste saio horien antzera, ETB2ko azpiproduktu. Ispilu omen duen El Hormiguero saioan ere egiten dute gauza bera. Ez, noski, gonbidatu adibidez euskaldun, galego edo bable hiztunak eramanez, baizik eta esklusiboki ingelesdunak aukeratuta. Pentsa, ederra litzateke portugesa, hungariera, gaztelera bera entzun ahal izatea, Boliviako doinuarekin, ETB1en.
Dena den, hizkuntzen afera ez da bakarra, hizkuntzari edukia ere eman behar zaio eta. Saioaren eredua ezin utzi, beraz, aipatu gabe. Hasiberriak gara, ez bakarrik Ai, ama!, euskaldunok oro har dibertimenduan. Eta hegoaldeko bizilagunei bainoago, aski genuke iparrekoei begiratzea. Adibidez, Hedoi Etxartek gomendatu eta geroztik ikusteari utzi ez diodan Le Petit Journal, Canal+ekoek Divertissement atalean kokatzen dutena. Ai, ama! gisako saio batek funtziona dezakeela uste dutenetakoa naiz, dibertimenduak ere telebistan tartea behar duela uste dutenetakoa, dena ez baita izango seriotasun. Baina dibertimendua izan dadila, besteren gainetik, serioa, hots, ahalik eta txukunen egindakoa.
Komunikazioa. Ekografiak
Dibertimendu serioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu