Duela gutxi, bilera batean geundela, usain arraroa atzeman genuen bertan geundenok, eta, batek zer ote zen galdetuta, «disolbatzailea» esan genion beste batzuek. Egia esan, horrelakoak sarritan gertatzen dira hizkuntzarekin, hau da, hizkera teknikoan oso esanahi zehatza duen zerbait hizkuntza arruntean beste esanahi traketsago bat izatea. Egunoroko bizitzan, gehienok gauza bera ulertzen dugu, «disolbatzaile» usaina atzeman dugula esandakoan. Baina kimikako ikasleek badakite ongi, oso ongi, disolbatzailea kontzeptu abstraktu bat dela, eta ez substantzia jakin bat; beraz, zaila, usain jakin bat izatea.
Hizkuntza arruntean, «disolbatzailea» esaten dugunean substantzia organiko batzuk adierazi nahi ditugu, eta substantzia organiko horiek, urak ez bezala, beste substantzia batzuk disolbatzeko gai dira, adibidez, pinturak (ez pintura akrilikoak, horiek urak ongi garbitzen baititu). Gure etxeetan askotan egon izan da garbigarri moduan (pinturak eta antzerakoak garbitzeko) aguarras deritzona, hots, trementina-esentzia, eta gehienok «disolbatzailea» esan ohi diogu, pinturak disolbatzeko gai delako. Eta horixe zen, bileran atzemandako usainaren arrastoa.
Baina disolbatzailea ez da hori, zehazki esanda, ez da hori bakarrik. Gure ikasleei ongi azaltzendiegu zein den substantzia puru baten eta nahaste baten arteko ezberdintasuna. Nahaste bat dugunean, bi egoera ezberdin aurki ditzakegu: bi osagaiak elkarrekin ongi nahasten dira, eta fase bakarra sortzen dute (ura eta gatza); edo elkarrekin ez dira ongi nahasten (edo ez dira batere nahasten), eta bi fasetako sistema bat izango dugu (ura eta olioa). Lehenengo kasuan sistema homogeneoa dela esango dugu, eta bigarrenean, aldiz, heterogeneoa. Lehenengo sistemetan, osagaien arteko proportzioari begiratuz, normalean bati disolbatzailea esango diogu, eta besteari, solutua. Bi osagaiak gutxi gorabehera proportzio bertsuan baldin badaude, ez dago arrazoirik disolbatzaile eta solutu terminoak erabiltzeko; kasu horietan, disolbatzailea likidoa izan ohi da, baina solutua solidoa izango da (ura eta gatzaren adibide horretan), baina disoluzioek ez dute zertan beti likido eta solido batez osatuta egon behar.
Oro har, disoluzio bat izateko bi edo osagai gehiago behar ditugu, eta egoera fisikoa edozein izan daiteke. Baditugu gas batean disolbatutako solidoak (airean egon daitezkeen partikulak), gas egoeran dauden nahasi gaseosoak (airea, adibidez, nitrogenoa, oxigenoa, CO2...), likido batean disolbatutako solidoak (ur gazia), bi likidoz osaturiko nahasteak (96gradutako alkohola), gas / likido nahasteak (uretan disolbatutako oxigenoa), solido batean disolbatutako gasak (hidrogenoa paladio metalean disolbatzen da), solido batean disolbatutako likidoa (adibidez, merkurioa urrean), eta bi solidoz osaturiko disoluzio edo nahastea (kobre eta urre nahastea, edo aleazioa).
Esan bezala, proportzio handienean dagoen substantziari disolbatzailea esaten zaio, eta beste osagaiari edo osagaiei (bat baino gehiago egon baitaiteke), solutu. Baina batzuetan ez da izendatzeko modurik egokiena, eta nahastearen egoera fisikoari begiratzen zaio; egoera fisikoa zein osagairena den, horri esaten zaio disolbatzailea.
Disoluzioetan, beraz, disolbatzaile asko egon daitezke, eta argi dago substantzia horietako bakoitzak usain propioa izango duela (edo usaingabea izan daiteke). Nahaste horietan behar bezala erabili beharreko kontzeptua kontzentrazioa da; ez dauka zer ikusirik osagai berdinak izanik, bien arteko proportzioa aldatutakoan lor daitezkeen nahasteak, eta, horregatik, oso garrantzitsua da azaltzea zenbat dagoen osagai bakoitzetik nahaste horretan. Erabil daitezkeen kontzentrazioak modu askotakoak izan daitezke (masa, bolumena, proportzioa, molekulak, ......), eta batzuk egokiagoak dira balio altu samarrak direnerako eta beste batzuk oso kantitate urrian dauden solutuak adierazteko (adibidez, ppm, ppb, ppt...).
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Disolbatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu