Lo-lo egin baino lehen, Sergio Sayas UPNko bozeramaileak El imperio eres tú irakurtzen du. Hala aitortu zuen Twitterren. Liburu ona, Sergio moñoño horri sinestera, arrunt gomendagarria. UPNkoa izatea, ororen gainetik, jarrera estetikoa da: Planeta sariak literatura ona direla pentsatzetik politikan autoritarioa izatera doan tartea ez da hain zabala. Bi gauzetarako irudimen eskasia bertsua behar baita.
Lizarran, zenbait ikaslek protesta egin zuten Barcinari bizkarra emanez, hark bertako ikastetxe batera eginiko bisita batean. Sergio pollit horren hitzetan, arras larria izan zen ikasleek egindakoa, norbaitek manipulatuta, norbaitek xaxatuta, era faxistan egin baitzioten harrera presidenteari.
«Norbaitek xaxatuta» Google itzultzailean paratu, eta «ETAk xaxatuta» atera zait. Bertzenaz, argitu zuen gure Sergio ttallak, ikasleei ez baitzaie horrelakorik prestatzea bururatzen. Ezagun da berari bederen ez zitzaiola bururatuko, hasmentan aipatu imajinazio falta horrengatik, baina haren hitzak ikusmolde orokorrago baten adierazgarri dira. UPNk administraturiko munduan, ez dago espontaneotasunerako zirriturik, eta askatasuna lore arraroa da. Disonantziak ez dira berez sortzen, deabrukeria behar dute, gaiztoren baten eragin maltzurra. Sinbolikoki, Barcinak ikastetxetik kanpo utzi zituen disonanteak, foruzainen begiradapean.
Eskola barnean, uste izatekoa da Barcinak betiko kontzertu aspergarria joko zuela. Musika zerutiarra Sergiorendako. Badakizue. El imperio eres tú. Mendebaldeko literaturaren gailurra. Arrunt gomendagarria.
Maratila
Disonantziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu