Aurelia Arkotxa.
Maratila

'Disonore'

2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Pasquale de Paoliren (1725 -1807) Korsikako Erreinu subiranoa 1755ean zutitzen da. Haren subiranotasun-markak: erakunde politikoak, kulturalak, bandera, «moneta» edo dirua, unibertsitatea, nazio-soldadutza… Ordea, 1769 heltzen da: frantses osteek gainditzen dituzte de Paoliren osteak. De Paoliren hizkuntza toskanarra zen. Eta toskanarra ere garai hartako Korsikako erreinu administrazio hizkuntza. Alta, Korsikako hizkuntzaren «sortze agiria» jada gertatua zen... 1730 inguruetan. Hamalaudun (soneto) batean. Ezezagun batek izkiriatuak. Bastia suntsitzen dutelarik Korsikar herritarrek han dagoen Genovako boterearen indarra lekutu nahi baitute handik: Poveri corsi, e duve n'este andatu/lu vostru candidissimu splendore ?/or avà si che ben bituperatu/l'avete cum bergogna, e disonore... Toskanarra ez den hizkuntzan dira mintzo lekukoak... Hizkuntza autonomo batean. Toskanarra delarik italiar penintsulako estatutuetan administrazioek darabilten hizkuntza amankomuna. Poveri corsi... korsikerazko poema espioi batek sartu zukeen paper multzoan. Multzo horretan, toskanarraz idatziak diren poema gehiago. Genovaren boterearen kontra eklesiastiko korsikarrek idatziak. Bastiako arpilatzean gertatu ziren ohointzak eta makurrak salatzen ditu poemak. «Hizkuntza-sortzea»ren lekukotasunezko idazkia dela dio hau Thiers idazleak. Eta ekintza sinboliko horrek, ez duela ezer ikustekorik ofizialitatearen ospatze ospetsuarekin: «Talde sozio-ideologiko batek bere buruaz duen identitate sendimenduarentzat eta haren hedatzearentzat oinarrizkoa den jazartze sinbolikoa azaltzen duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.