Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Elkarrekin pentsatzea

2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Komunikazio proiektu moduan eredugarria delako. Herritarrek egindako telebista; herritarrak ditu protagonista. Kate nagusien eredutik oso bestelakoa da edukietan eta formetan. Baliabide ekonomiko gutxirekin baina printzipio argiekin egina. Eta guztia euskaraz. Horrexegatik guztiagatik, aurtengo Telebistako Argia saria izango da Kanaldude herri telebistarentzat. Betor saria jasotzera, mesedez, Ximun Carrere, Kanaldudeko ordezkaria. Zorionak.

Aipatua genuen lehenagotik ere zutabe batean, aspaldi samar, baina orduan gogoz geratu nintzen Kanalduderen gainean luzeago aritzeko. Orduko hartan esaten nuen, eta orain berresten dut, besteen aldean telebista eredu interesgarria zitzaidala, debaldeko adjektibaziotik urrun, lotzen zitzaiola lur bati, jende bati, eta ematen zuela horien berri mugarik gabe sare zabalean. Herri telebista, herritarrek egina, herritarrentzat. Xapo. Jende talde baten eskuetan den telebista, ez nagusi handiren baten manupean. Bikain. 15 laguneko talde finkoa, 100 laguneko kolaboratzaile sarea, hainbat eta hainbat jenderen laguntza eskerga. Milesker. Internet bidez ikus dezakegu edozein bazterretatik, kanaldude.tv helbidean.

Akaso sona handien Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren jarraipenak eman izan die, baina hainbat saio egiten ditu Kanaldudek. Duen izaera herrikoi eta parte hartzailearen isla Tokika saioak ematen digu. Aldian, herri bakoitzeko jendeek herriaren berri ematen dute, herriaren biziaren berri. Mundu guztiko notiziak etxean jasotzen ditugun honetan, auzoaren berri ematen digula, alegia.

Baina oro ez da urre: ez dira garairik onenak euskal komunikabideentzat. Hala gaztigatzen gaitu Berria TBk berriki egindako erreportajeak. Eta bertan elkarrizketatzen diren sei komunikabidetako ordezkarien artean dago arestian aipatutako Carrere. Ez da ezkorrena mintzatzen direnen artean, baina Kanaldude ez dago etxafuegoak aireratzeko moduan ere. Publizitatea txikitzen, hedabide kopurua handitzen, gutxiago dute hartara bakoitzarentzat. 2012ari begira, hortaz, egotea baino ez dute buruan, mantentzea, eta segurtatzea orain artean egin dena. Garaiari aurre egiteko gainera mezua pasa dute: galdera pausatzea gisako hedabideen lekua zein den, eta zer aterabide dagokeen elkarrekin pentsatzea. Berriz zorionak, Kanaldude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.