Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Enpatia ariketa gisa

2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Saio txukun bat da 30 minuts, ordu erdiko erreportajeak ematen dituena gaurkotasun gaien inguruan, igandero TV3n. Oro har, zaintzen dute asko gaur-gaurko gaien informazioa telebista publiko katalanean: hasi albistegi zaindu batzuetatik, segi aipatu dugun erreportajeekin, gisa bereko 60 minuts edota Sense ficció saioekin bukatzeko. Etxearen zigilu dira, nolabaiteko marka, erakusten baitute telebista publiko baten informazio zerbitzu izaera.

Bada, gauza da joan den igandeko erreportajeak izena zuela El perdó, eta jasotzen zuela bi euskal herritarren testigantza: Iñaki Garcia Arrizabalagarena, batetik, Komando Autonomo Antikapitalistek aita hil ziotenarena; eta, bestetik, Iñaki Rekarte, ETAko militante izandakoarena. Lehenak du bereizgarri, biolentziaren bestelako biktimen aldean, onartu zuela elkarrizketa bat erakunde armatu bateko kide batekin, nahiz ez izan aita hil ziona. Bigarrenak du bereizgarri, biolentziaren bestelako eragileen aldean, onartu zuela elkarrizketa bat erakunde armatu batek biktima egindako pertsona batekin, nahiz ez izan berak eragindakoa. Datu kurioso bat: igandean gehien ikusitako saioa izan zen Katalunian, 502.000 ikusle eta %14,9ko ikusle kuotarekin. Pentsa, ikusle gutxiago izan zuen Jordi Pujol lehendakari ohia elkarrizketatzen zuen Salvados saioak —zeinean adierazi baitzuen independentziaren alde bozkatuko lukeela—. Beste datu kurioso bat: gaur gauean emango dute ETB2n.

Eta nik, behintzat, ez dut horrelako saiorik aurretik ikusi —gehien gerturatzen zaiona izango da hainbat biolentziaren biktimak mahai beraren bueltan bildu zituenean ETB berak, Plaza Euskadi-n, urri urrun hartan—. Eta ez dakit horrelakoak pasatu behar diren telebistatik, horrelakoak pasatu behar diren gizabanakoen artean, gizartean ere. Barkamena, ez dakit askorik sinesten dudan kontzeptu kristau horretan, nahiz eta sinbolikoki, biolentzia eragin dutenek jendaurrean barkamena eskatzea izan daitekeen pauso bat gizarte bat adiskidetzeko —adiskidetzea, bereziki sinesten ez dudan beste kontzeptu bat—. Baina entzutea bi Iñaki horien testigantza, biktima egin zaituenarekin, biktima egin duzunarekin zer hitz egin duzun, nola, bestearen erantzuna zein izan den, osasuntsua iruditu zaitzadan enpatia ariketa gisa. Eta horretatik bai beharko genukeela eskukada bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.