Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Epelak eta epelkeriak

2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Iñaki Anasagasti.Euskal politikariak uste baino antzekotasun gehiago ditu zutabe hau idazten duenarekin (buruan ile faltarena alde batera utzita). Irrati tertulien entzule porrokatua da, sutan jartzen da zenbait tertuliagileren jarrerarekin eta horien gainean idazten du. Badu bloga sarean, eta benetan, merezi du irakurtzea nola larrutu izan dituen zenbait tertuliakideREkoak; esaterako, REko Boulevard-en finkoak diren Joxe Felix Azurmendi eta Mariano Ferrer. Salaketarik leunena EAJrekiko traidorea izatea izango da, lehenari dagokionez. Ferrerrekiko, berriz, gozo jarduten da: jasanezina, pontifikatzailea, orojakilea, harroputza, «ama ere hiltzeko kapaz dena jarrera independente faltsuari eustearren»… Zenbait kazetari-tertuliakide hizpide izanda, mihian herdoilik ez edukitzea behintzat, horixe aitortu beharko zaio Anasagastiri. Kazetarien premia omen dutela eta, zuri jokatzen duten politiko gehien-gehienak ez bezala. Polita izango litzateke halako terapia kolektibo bat antolatzea egunen batean, kazetariek eta politikariek elkarrengandik pentsatzen dutena adierazi ahal izatea bideratuko lukeena. Nork bere iritzia zikiratzea eta zentsuratzea galaraziko lukeen espazioa, horixe bera amesten dugu bi lanbide horiek maite eta gorrotatzen ditugun entzuleok.

Jakintsuen tartea.Ser katean gogoko dituzte politikari beteranoekin osatutako tertuliak, astelehenetan. Gemma Niergak Santiago Carrillo eta Rodolfo Martin Villa eramaten ditu La tertulia de sabios izeneko saiora (La Ventana, 18:20etik 19:00etara). Euskal bertsioa Iñaki Anasagastik eta Txiki Benegasek osatzen dute, Isabel Cobo esatariarekin (La Ventana Euskadi, 19:15etik 20:00etara); Ramon Rabanera ere gonbidatzen dute tarteka. Ideia ez da makala: solaskideen ahultasunak eta miseriak ederki asko ezagutzen dituzten eskarmentuzko politikariak elkarri begira jarri, eta gaiak ematea «Chicos, qué opináis sobre…» esanez batera. Gertatzen da praktikan patetiko samarrak bilakatzen direla maiz. Lehia huts bihurtzen baitute saioa: politikaz edo historiaz nork gehiago jakin, nork harrikada ustez irudimentsuagoa bota… Hori bai, arreta berezia jartzen dute aurrean dutena ez mintzearren, maila politiko zein pertsonalean. Beharbada, Anasagastik Ferrerri egozten dizkion salaketa berberak erabil genitzake tertulia horietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.