Bizi ditugun garaiek badute, sail askotan, burugabekeriaren itxura. Astero hemen egin daitekeen konpilazioak etsitzekorik baluke. Minberagarrienen artean ekonomi hondamenak. Nola Europako azken osagai elektronikoen lantegia bukatzen dela Frantzian aste honetan. Nola ere Erasmus programa bukatzekotan den ere, diru eskasez.
Azken puntu honek badu bere gogoetatze propioaren bidea. Beka berezi batzuen bidez, Europako ikasle asko beste estatu bateko unibertsitate batera urte baten ikasketen bururatzera joan ahal izan da. Milaka izan dira horrelakoak: hizkuntza ikasketak, elkarren ezagupenak eta berdin Europa berri baten eraikuntza bideak jorratu ziren.
Erasmus izena eman zioten programa berezi horri. Hau Europaren izpiritu eraikitzaile bezala kontsideratzen da: Rotterdamen 1466 urtean jaioa, Basel hirian hil zen 1536 urtean. Garai gogorrak ezagutu zituen, nola protestantismoaren hasierak, Martin Lutherekin eztabaida biziak izan zituen, honen aurka jarriz. Errepresio komuna jasan zutela ez da txantxetako oharra: barbaria ohikoaren biktima izan zen ere bai, 1543ko urtarrilaren 19an, bere liburuak Milanen erre baitzituzten, Lutherenekoekin batera.
Nulli concedo, «ez dut inori amore ematen», zion bere goiburuak. Erokeriaren gorazarrez izan zen bere liburu aipatuenetarik. Obra satirikoaren itxura hartzen duen obrak, hargatik, garaiko eliza katolikoaren praktika batzuk edo jakintsu buru handi batzuen ibilbideez trufatu zen. Ez zen denen gustukoa, bere obran kristautasunaren «egiazko idealak» aipatu arren. Aitzakia bat beraz gaurko erokeriez pentsatzeko.
Maratila
Erokeriaren gorazarrez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu