Edu Lartzanguren.
Jon Urraza. Aktorea

«Errazagoa da barrea eragitea aretoa beteta baldin badago, kutsatu egiten delako»

2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Antzezle eta antzerkigilea daJon Urraza (Getxo, Bizkaia, 1971). Jon Zubiaga Osoron-ekin, Morritson eta Gartzia, kultoko antzezlana taularatzen hasi dira. Urrazak berak idatziriko testua da. Gaur, 18:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (Gipuzkoa) arituko dira.

Bi pertsonaia, egoera bat, umorea, zuzeneko musika eta IKEAko sofa ziztrin bat. Ondo definitzen du horrek antzezlana?

Helduentzako umorea da, era errealista edo naturalistan antzeztua. Osoron Gose taldeko gitarra jotzailea da, eta bere gaitasunak erabailtzen ditu, pertsonaia musikaria delako. Zuzenean jotzen du lanean. Jendeak barre egiten du antzezlanarekin.

Pertsonaiak «aktore alfer eta lotsabakoak» direla diozue. Autobiografikoa al da lana?

Gerora konturatu naiz, baina lan bat egiteko orduan pertsonaiak asmatzen ditudanean, beti norbait edo zerbait egurtzeko izaten da. Artiston mundua bizi dut, eta ditugun ohitura eta berezitasunen inguruan barre egiteko asmoarekin hasi nintzen honetan. Azkenean, harago joan da lana, eta bi adiskideren arteko harremanak pisu gehiago hartu du. Edonork dituen arazoak dituzte: dirurik gabe dabiltza, lanik gabe, Morritsonen neskak ordaintzen duen garaje batean. Jendea identifikatu egiten da egoerarekin. Ez gara ari ikusle asko biltzen, baina datozenek ondo pasatzen dute.

Zergatik jende gutxi?

Juan Echanove aktoreak esaten zuen telebistan agertzen zela, gero antzerkia egin eta antzokiak bete ahal izateko. Hura horrela badabil, pentsa gu nola ibiliko garen.

Baina zu agertu izan zara telebistan, Goenkale-n eta La que se avecina-n, esaterako.

Bai, baina oso noizean behin atera naiz. Halere, La que se avecina-n jende askok ikusi ninduen. Antzerkia irakasten dut Basauriko ikastolan, eta, harrezkeroztik, ikasleek errespetu handiagoarekin hitz egiten zidaten. Cuéntame-n denboraldi osoan agertuz gero, askoz jende gehiago erakarriko duzu antzokira eta emanaldi gehiago edukiko dituzu.

Lan honen gidoiari Cafe Bilbao saria eman zioten. Horrek telebistak baino gutxiago laguntzen du?

Bai, baina askoz konfiantza gehiago ematen dizu. Antzerki munduko epaimahai batek ematen dizu saria. Lan bat zeuk idatzi, zeuk zuzendu eta zeuk antzeztu duzunean, ez duzu kanpoko begirada bat nola zabiltzan esateko. Saria izan dudanez, bide onetik noala pentsatu behar dut.

Jende gutxiren aurrean egiteak ez al dizue laguntzen ikusleak Morritson eta Gartziaren garajean sartzen?

Eszena pare batean ikusleen artera jaisten gara, geure sexu kontuez hitz egitera, ikusleen voyeurismoa pizteko. Baina errazagoa da barre eginaraztea aretoa beteta baldin badago, barrea kutsatu egiten delako.

Bob? Nor da Bob? eta Bestela ondo... ezta? lanak idatzi dituzu honen aurretik. Bien izenburuak galdera markarekin amaitzen dira. Oraingo honekin askoz seguruago zaudela dirudi.

Hau da gehien landu dudan testua. 2008an irabazi nuen saria, etaabenduan estreinatu genuen. Tartean, bukaera aldatu dut, pertsonaiak murriztu... Antzezle moduan askoz argiago dut orain zer interpretazio mota lortu nahi dudan. Asko eboluzionatu dut, eta espero dut eboluzionatzen jarraitzea. Gero eta sozialagoa naiz, gaurko arazoetara hurbiltzeko asmoa eta gogoa daukat, baina ez dut umorea baztertuko antzerkirako idazten dudanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.