Aurelia Arkotxa.
Maratila

Erreka II

2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bidasoa lur kolore gaur. Urak handi. Lehen, haurrak ginelarik, barkoz joaten ginen Konferentzia Irlarainoko. Ur bazterrak esploratuz. Gero aldatu zuten ur bazterra, aintziretan etxeak eraiki. Igelak isildu ziren. Bidasoako bazterretan: Priorenea (gaur leku horretan: Port Hendaye deitu urbanizazioa). Prioreneako ospitalean ziren gelditzen lehen bidaiariak. Europa guzitik jinik. Compostelarako bidean. Prioreneako etxaldean: monasterioa, eliza, Errotazilo deitu errota nagusia, hilerri handia. Eta ere Hospitaliako irla, 1659 geroztik Konferentzia irla deitua dena. Izpegin sorturik, Baztan izena bidean utzirik eta Bidasoa izen berria hartuz Endarlazan, heldu dira urak, ur xirripa, uhaitz, ur bizi, erreka, ur handi... Lehen mendian, xur xur, mehe-mehe, mehar... Gero eta gehiago zabalduz eta mantsotuz itsasora hurbiltzen denean: mila irla berdeen artean pasaiaka. Itsasoraino. Txingudiko badiara doaz urak... Hor elkartzen direlarik ozeanoko ur gatzatuarekin. Eta mareak itsasoko urak Bidasoan goiti badaratzamalarik. Frantziako, Espainiako eta Europako Estatuen destinoa ur hauen bazterretan trinkatu izan da batzuetan. 1526ko martxoaren 15a, 1530eko uztailaren 1a, 1659... Mendeak... 1936ko agorrila: frankotarrek Irun hartzen. Nazioarteko zubitik, tropelka Hendaiara Irungo jendea ihes... Iraila: battelekuak iheslariez kolkoraino beterik Hondarribiatik Ondarraizko plaiara heltzen, Txingudiko badian barna... 1939ko martxoaren 16a: Pétain... 1940: Franco eta Hitler... Marea beheititzen zelarik, ibaia dragatu aitzin, oinez pasa zitekeen Bidasoa. Ez du hain aspaldi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.