Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Esker txarrekoak

2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ez dakizue zeinen pozik nagoen: lehenengo aldiz, nire bizitza osoan, telesail bat ikusteko gauza izan naiz hasi eta buka. Egia da, oso-oso luzea ere ez zen, zortzi kapitulu, 52 minutukoak; eta binaka eman dituzte, gainera. Beraz, lautan jarri behar izan dut sofan etzanda, bakoitzean bi ordu ezin gozoagoak igarotzeko Crematorio ikusten—tira, gozo agian ez da izenlagun egokiena, baina aurrera—. Eta ezin duzue imajinatu poza zenbaterainokoa den, erronka gaindituarena, hemendik jotakoa bete egin baitut. Galtzeko arriskuarekin egiten da apustu, baina irabazle atera naizela uste dut, telesaila duina baino gehixeago izan baita. Gauza bat da Rafael Chirbesen nobela eta beste bat telesaila, arrazoi; baina hain justu hala behar du, tomatea eta letxuga bi gauza diferente diren bezala, eta ez batak besteari segitu behar dion nahi eta ezina.

Zurtz utzi nau orain baina. Zer egin hemendik aurrera? Nola bete sofako zuloa? Bi aukera ikusten ditut. Bata, deituko genuke aktiboa: Telezailak idazpuru duen liburua hartu, adibidez, eta bertan aipatzen diren telesailen artean baten bat aukeratzea, bilatzea eta ikustea —kontxo, hiru ekintza exijitzen ditu aukera aktiboak—. Ezjakina nauzue oso telesail kontuetan —telebista kontuetan, oro har, baina hori ezin dut hemen esan, egunkariko arduradunek irakurriko duten beldurrez—. Eta oso ondo datorkit, hartara, Telezailak, hainbat telesail disekzionatzen baitu bertan hainbat lagunek: Katixa Agirrek, Koldo Almandozek, Harkaitz Canok, Irati Jimenezek, Goizalde Landabasok eta Xabier Mendigurenek, hain zuzen. Bakoitzak bere testua idazten du, telesail bat, bat baino gehiago, ikuspuntu ezberdinetatik larrutuz. Eta azken partean, gainera, alderik praktikoena eskaintzen zaigu: parte hartzaileen bozekin osatutako telesail onenen zerrenda. Hauexek dira lehen bostak, postuaren arabera: Friends, Northern Exposure, The Wire, Mad Men eta The Sopranos. Bada nondik hasi, lagunok.

Eta bigarren aukera deituko genuke pasiboa, ea telebistan zer ematen didaten, bota dezatela nahi dutena, gero ikusiko baitut hartu edo ez. Cuéntame-ren errebisionismo ariketa desagertzera doala jakinik, engantxatu naiteke hasi berri den ETBren Transición y democracia en Euskadi sail berrira. Gero esango dute telebista publikoak ez duela fikziorik ekoizten. Esker txarrekoak gara gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.