'Con el pie izquierdo'.Goizeko albistegi nagusiko iritzi tartetxoari (08:15) deitzen zaio horrela, Boulevard-en. Pare bat minutuan, honako hauek eman ohi dute iritzia: Carlos Carnicerok (astelehena), Rafael Eliasek (asteartea), Joanjo Alvarezek (azteazkena), Luis Haraburu Altunak (osteguna) eta Imanol Muruak (ostirala). Pentsatzekoa da boskote hori hautatu duenak euskal politikako lau lerro nagusienak besarkatu nahi izan dituela; asmatu duen ala ez eztabaidagarria da oso. Kontua da Rafael Eliasek eman digula ezustekorik aipagarriena, beste lauren pentsaerak aski ezagunak zaizkigunez lehendik ere. AEBetako politikagintza eta gizarteari buruzko ikuspegi kritiko eta lotsagabearekin (zentzu onean) agertzen zaigu Elias, eta horrexegatik bakarrik merezi du asteazkenetako bi minutuen zain geratzea.
Losantos, aske. Borboitarrak ukiezinak dira oraindik estatuko irratietan, Urdangarin afera inozoena ere asaldatzeko modukoa izan arren. Ser katea, Onda Cero, RN… Irratirik progresistentzat joko ditugu, baina mendeko leialak dira oraindik monarkiari dagokionez. Paradoxikoki, eskuinaren kobazuloan irudikatu ohi dugun Jimenez Losantosengana (Es la mañana de Federico, esRadio) jo behar da fundamentuzko kritikarik entzuteko! Erreparo gutxiz eta ia egunero ari da mihia askatzen, berak dakien modu ironiko eta iraingarrian. Asteazkenean, adibidez, Cristina infanta zergatik ez duten inputatu galdetu zuen behin birritan; txantxak ere egin zituen, emakumea eredugarritzat jarriaz, 1.500 euro inbertitu eta ia 600.000 lortu omen dituelako hiru urteren buruan.
Xextra. Xextra polita antolatu da EsRadioko esataririk eta iritzi sortzailerik nagusienak diren Losantos eta Cesar Vidalen eta iaz arte horien kolaboratzaile izan den Pio Moa historialaren artean (Francoren errepresioa eta frankismoa onuragarriak izan zirela defendatzen duena, beste zenbait perlaren artean). EsRadiorena den Libertad Digitaletik (sareko albistegia) kanporatu egin dute Moa. Frankismoa, homosexualitatea eta Kataluniari buruzko iritziak izan omen dira desadostasunaren sorburu. Baliteke horrela izatea, baina hor beste bi faktore hartu beharko genituzke kontuan: banitate pertsonalak batetik, eta eskuinaren parrokian ahotsik histrioniko eta popularrena izateko lehia bestetik.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Eskuina, ez bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu