Euskaldunak, hizkuntzarekin, bizitzeko, pentsatzeko eta izateko bidea du azpiratua bere herrian. Testuinguruaren arabera kontzientzia gehiago edo gutxiago izan arren. Euskal Herriko leku gehienetan, euskaldunek behar dute plaza bete jende ikustea, beren hizkuntza jende gehiagorena ere badela sentitzeko.
Esan da gaur egun ekitaldi gutxik sortzen dutela Euskal Herrian Korrikak sortzen duen ilusioa. Zorakeriatik eta ahaleginetik, bizipoza eta hunkidura transmititzeko gaitasuna du. 11 egunez jarraituta, hamaika bider baieztatzen da sentipen hori. Arrazoi askorengatik da berezia kilometro bakoitzean, baina herri, auzo edo bailara bakoitzekoak egiten du bide osoa. Lekuan lekuko ahaleginak. Eta osotasun horrek egiten du berezi bidea. Elkartzen duelako da Korrika, eta bidera ateratzen duelako batutakoa, baztertutakoak ikusaraziz.
Korrikak ahalegin berean batzen ditu ikasleak, haurrak, nekazariak, kulturgileak, emakume taldeak, kirolariak, lagun taldeak, erretiratuak, langabeak, gazteak, langile prekarioak, erakundeak... Lekuko eramaileen zerrenda begiratu besterik ez dago. Batzen ditu autogorroto politiketan hazitako aitona-amonen hunkidura eta iloben ilusioa. Ahalduntzen ari den euskalduna eta euskalduntzen ari denaren ahalegina. Eta lekuak batzen ditu: landa eremuak eta hiriguneak, nolabaiteko ofizialtasuna aitortua duten administrazio eremuak, eta ez-euskaldunak: euskaldunak ez diren tokiak. Urepele eta Bilbo.
Auzolan pauso luze batetik, transmisio bat, geografia koloretsu bat marrazten du Korrikak. Horrek emozionatzen du euskalduna: zokoratuak direnak bizipozean batzea posible dela berresteak. Bostehun, mila edo zazpi mila metro egin ondoren, lehertuta,«lortu dut, egin dugu berriz ere» esateak. Eta lekukoa aurrera doala ikusteak, gau eta egun.
Izan nahi duen Euskal Herri bat marrazten du Korrikak; ari den herri bat, beraz; badena. Ez dagoela dioten horretatik sortzea erabaki dutenena. Korrika euskara da, azken batean. Euskal Herria herri egiten duen hori.
Eta Korrika segitzen badugu?
ANALISIA
Eta Korrika segitzen badugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu