Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

ETB euskaldunik gabe

2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Aurreikus zitekeen bezala, polemikatxoa sortu du Bost Puntu ekimenak. Zuzeu agerkari digitalak ondo dio: erabateko adostasunik eza ekimenaren lehen puntuak eragin du, kalitateko programazioa «euskaraz eta gaztelaniaz» eskaintzeko eskatzen baitzaioETBri bertan. Testuak argi uzten du sinatzaileek euskarari lehentasuna emateko eskatzen diotela ETBri; orobat, euskara bultzatu eta normaltzeko sortzetik duen helburu estrategikoa betetzeko. Baina, antza, hori ez da nahikoa izan. Zuzeu-k ondo dio berriz: bi postura nagusi agertu dira ekimenaren aurrean —bata jendetsua, lau katurena bestea—. Baina ez dabil zuzen bi postura nagusi horiek definitzean: Zuzeu-ren arabera, gaztelaniazko zerbitzuak kentzearen aldekoa da lehena, hots, besteak beste, ETB2, Radio Euskadi eta gaztelaniazko Eitb.com kentzearen aldekoa. Eta gaztelaniazko zerbitzu horiek mantentzearen aldekoa bigarrena, baina euskarari lehentasuna emanez.

Eta badirudi ETB euskaldun bat eskatzen duena ETB2ren desagertzea eskatzen ari dela. Horrela planteatuta itsusia da, gaiztoa ere bai. Baina, nik dakidala, hori horrela ez du inork esan. Gainera, ez da zehatz ETB2ren desagertzea nik eskatuko nukeena: euskaldun dezatela, nahikoa litzateke horrekin. A, baina audientzia eta bideragarritasuna eta antzekoak ateratzen dira berehala. Ados, eta? Euskarari lehentasuna eman behar zaio, horrekin nahikoa da; bai, baina nola? Seguru nago gaztelania barra-barra darabilten hainbat hedabidek esango dizutela euskara ez dutela bigarrenesten. Eta ematen du telebista publiko baten geroaz ari garela; baina ez, lagunok, euskararen geroaz ari gara. Nola zen Txillardegiren hura: estatu batekin, agian, euskara ez dela salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz. Bada, esango nuke ETB euskaldun batekin, agian, euskara ez dela salbatuko; baina ETB euskaldunik gabe, ziur ezetz.

Ez pentsa orain hemen konpnbide mirakuluzkorik daukadanik. Gainera, ez da hori nire egitekoa; ez didate horretarako ordaintzen, ezpada apur bat zirikatzeko. Proposamenak egitea da, ordea, kontua. ERCk berriki egin bezala: bi hizkuntza ofizial dituzten telebistetako kate guztiek —ETB2 barne— urteko programazioaren %50 eman dezatela hizkuntza bakoitzean. Proposamenak egitea da kontua, eta eztabaidatzea, eztabaida beti baita osasungarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.