Baina arrazoi duzue beste behin: txikikeriak ziren azken zutabean aipatzen nituenak —ETBri galdegiten nion, euskararen erabilerari dagokionez, hizkuntza irizpideak mesedez argitara ekartzeko—. Eta, egia da, baditugu arazo puskaz larriagoak, zutabean bertan pasaeran aipatzen nuen Zaindu saioarekin egiten ari direna, esate batera. Baina Zuzeu eta Sustatu agerkari digitaletan idatzi zuten horri buruz, eta erreparo pixka bat ematen zidan gauza bera atzera hona ekartzeak. Baina uste baino serioagoa da kontua. Zaindu saioarena berarena, hasteko. Badakit ETBren lehen eta bigarren kateetan ematen dela, badakit bigarren katean lehenean baino lehenago, baina justifikaezina iruditzen zait, etxeko ekoizpena izanik, bertan gertatzen dena. Ezen, ETBren euskarazko katean ere, aurkezlea kenduta lehenengo euskal hiztuna —eta bakarra!— 70. minutuan agertu baitzaigu, hau da, bigarren programaren 30. minutuan. Pasa behar izan dira saio oso bat eta bigarreneko hiru laurden, ETB1en entzun ahal izateko euskal hiztun bat —Errenteriako Batzokiko sukaldaria; norberak egin dezala irakurketa politikoa—. Lehen saioa ikusi ahala, gaztelaniaz hitz egiten zutenen portzentajea apuntatzen joan nintzen; beharrik egon ez zen arte. Bigarrenean, txiribuelta are zailagoa egin zuten: 5. minutuan aurkezlea bera ere gaztelaniaz hasi zen! Euskarazko azpidatziekin aurkezlea ere!
Eta horrekin guztiarekin ahaztu egiten zaizu saioaren zioa azaltzea ere: osasunari buruzkoa da eta gaixo kronikoek euren eguneroko bizitzaren berri ematen dute. Baina ezinezkoa da saioari buruz soilik hitz egitea, niri interesatzen zitzaidan bezala hasiera batean. Eta umorerako ere ematen du, noski, sarean irakurri bezala: euskaldun izateak depresiotik eta biriketako gaixotasunetatik babesten gaituela baitirudi. Baina bigarren momentu batean, kontxo, irakurketa izan daiteke mediku aditu euskaldunik ere ez dagoela. Eta hori ez zaigu ez hain arrotza, ez hain barregarria ere.
Gainera, Zaindu bakarrik balitz, baina sarean aipatu dira antzeko kasuak ere, Kresala eta Nick dut nik, esaterako. Finlandia-n ere esketx asko gazteleraz dira, aitzakia berezirik gabe, gainera. Logikoa lizatekeena ETB2 baten —ETB2 batek logikarik duen eztabaidatzen hasi gabe, noski—, baina, barkatuko didazue, ez inondik inora ETB1en.
Komunikazioa. Ekografiak
ETB2 baten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu